Buenos Aires, Argentina. ‘Euskal mitologiaren imajinarioa’ izenburuko Irakumen Tailerra Luis Maria Etcheverry doktore irakaslearen ardurapean dago eta astean behin izango da, hilabetez. Ekimenaren oinarria irakurketa partekatua da, “uste baitugu irakurketa partekatuak testuen mundua eta gure mundu eta bizipenak hurbiltzen dituela”, azaldu digu irakasleak; programak hainbat gai jorratuko ditu, tartean akelarrea, akerra, sorgin-ehiza eta hileta-errituak, batzuk aipatzeagatik.
Tailerrean parte hartzea doakoa da eta izena ematea baino ez da behar (eusketxe@gmail.com). Klaseak atzo hasi ziren, 40 bat lagun bilduta, Argentinatik ez ezik, Arabatik, Gipuzkoatik, Perutik eta Uruguaitik ere bai. Datozen hitzorduak astelehenero dira, urriaren 26an eta azaroaren 2an eta 9an. Lan hizkuntza gaztelania da eta bibliografia antolatzaileek eskuratzen diete parte hartzaileei.
Eusketxeren ekintzak
Buenos Aires hiria kutsadura-gune handiena izan da Covid-19 pandemia Argentinara iritsi zenetik. Martxoan jarri zuten indarrean gaur segitzen duen derrigorrezko itxialdi prebentiboak. Egoera honen aurrean, hiriburuko euskal etxeek bertan behera utzi behar izan zituzten euren aurrez aurreko jarduerak, eta egoera berrira egokitu.
Bizi dun testuinguruaz joera baikorra agertu digu Maria Elena Etcheverry Eusko Kultur Etxearen arduradunak: “Proiektu batzuk atzeratu behar izan ditugu baina euskara klaseekin martxoan bertan hasi ginen berriro. Ikasleek zein irakasleok egokitu behar izan dugu eta lortu dugu. Izan dira ikasle batzuk, teknologiarekin moldatu ezinik eta besterik gabe onlinera pasatu nahi izan ez dutelako, bidean galdu ditugunak, baina oro har esan dezaket oztopoak gainditu ahal izan ditugula”.
“Gaur egun taldeak osatuta daude, oso giro ona dago klaseetan eta batzuk oso eskertuta daude modalitate birtualarekin mundu berria ireki zaielako. Konfinamenduaren garai zail hauetan, oso garrantzitsua da helburuak izan eta hoiei eustea, beraientzat eta baita guretzat ere”, aitortu du Etcheverryk.
Eusketxeko bazkideak konforme daude oso Tailerrak jaso duen harrerarekin. “Gure euskal komunitate globala osatzen ari garela erakusten digu”, laburbildu du Etcheverryk.
Informazio gehiago, Eusko Kultur Etxea Eusketxe