euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskatzaleak-en eskutik, Triki-poteo bat egingo da datorren larunbatean lehendabizikoz Buenos Aires hirian

2013/10/14

Triki-poteoan parte hartzeko gonbitea
Triki-poteoan parte hartzeko gonbitea

PUBLIZITATEA

Aktibitatea oso ohikoa da Euskal Herrian baina nahiko ezezaguna Argentinako hiriburuan. Koadrila Buenos Aireseko Euskaltzaleak-en egoitzan elkartuko da eta bertatik San Telmoko Defensa Plazara abiatuko da euskal musikaren erritmora. Bidean, gainera, pote batzuk hartuko dituzte auzoko tabernetan eta kaleko jendea animatuko dute dantza egin eta euskaraz abestera. Hitzordua urriaren 19an da, arratsaldeko 6:30etan, Bernardo de Irigoyen kaleko 826. zenbakian.

Buenos Aires, Argentina. Poteatzeko ohitura egunerokoa da euskal herrietan; Euskal Herritik kanpo, ordea, bitxia egiten da. Poteatzea tabernaz taberna ibili eta bakoitzean pote bat hartzean datza. Triki-poteoan, orduan, leku batetik bestera egiten den ibilbidean zuzeneko musikaren erritmora joaten da.

Datorren asteburuko ekintza Euskaltzaleak-ek antolatuko du eta Euskaltzaleak-etik bertatik aterako da Triki-poteoa honako ibilbidea osatzeko: Bernardo de Irigoyenetik Estados Unidos kalera, Estados Unidosetik Defensara eta Defensa kaletik Defensa Plazara, San Telmo auzo sakonean murgilduz. Ibilbide osoan eta Defensa Plazaren inguruan, pote batzuk hartzeaz gain, abestu eta dantza egingo dute euskaltegiko lagunek trikitixa, alboka eta panderoek lagunduta.

“Triki-poteoa egingo dugun lehenengo aldia izango da eta irrikan gaude. Jende asko animatuko da, kideak ez ezik, beste erakunde batzuetako lagunak ere aterako dira gurekin, hala nola, gizatalde eskoziarrekoak. Are gehiago, musikari eskoziarrak euskal abesti bat prestatzen ari dira denon artean kantatzeko. Beste alde batetik, ibilbideko tabernetako arduradun batzuekin hitz egin dugu jadanik, nortzuk garen azaltzeko eta jakinaren gainean egon daitezen”, adierazi diote EuskalKultura.com-i Euskaltzaleak-eko kideek.

Behin Triki-poteoa bukatuta, euskal etxeko egoitzan bilduko da berriro koadrila afaria partekatu eta parrandarekin jarraitzeko. Gonbitearekin batera, Buenos Aireseko euskaltegitik jakinarazi digute 2013 honetan, eta beti bezala, Euskararen Eguneko Festarekin itxiko dutela ikasturtea. Jaia abenduaren 7an izango da, gaueko 9:30etan, Kataluniako etxeko areto nagusian, Chacabuco kaleko 863an.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia