euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskariako kideek Diasporak egin dezakeen ekarpenaren garrantzia aipatuz amaitu dute Argentinako bira

2007/09/08

Euskariako hiru kideek astelehenean Eusketxen eskaini zuten hitzaldia (arg. EuskalKultura.com)
Euskariako hiru kideek astelehenean Eusketxen eskaini zuten hitzaldia (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentinako zortzi lekutan jendaurrean agertu eta hitzaldiak emanez egin duten bira bukatu dute Jose Migel Agirre Oar, Txema Landa eta Patxi Azparren Euskariako kideek. Bilerotan lehenengo eskutik ezagutu ahal izan dituzte toki horietako euskal etxe eta euskaldunak, eta euren sentipenak Euskal Herriaz eta euskal gatazkaz. Eskarmentu honek argiro baieztatu die 'ezinbestekoa dela Diasporaren ekarpena irtenbideak topatzerakoan', bereziki '2006ko meniaren etenaren ostean sortu den egoera konplexuaren aurrean'. Buenos Aireseko euren azken hitzaldiotan, Euskariako kideok berretsi egin dute 'Euskal Diasporaren partaidetzaren beharra euskal egoera soluziobideratzeko'.
Buenos Aires probintziako euskal etxe eta unibertsitatetan egin duten bira argentinarra amaitzear --normalean “Panorama general del conflicto Euskal Herria-Estados, desde la construcción de Nación-Estado” izenburuko hitzaldia eskainiz--, hiriburu federaleko Eusketxera heldu ziren joan den astelehenean Euskaria Fundazioko Jose Migel Agirre Oar, Txema Landa eta Patxi Azparren. Aukera honetan, eta hitzaldia ematera etor zitezen bitartekari lanetan ibili den Mariana Fernandez Castellirekin adostuta, gaia eta izenburua moldatu egin zuten, beste hau ipinita: “Desmilitarización del conflicto y desobediencia civil. EHNA, nacionalidad vasca”.

Eusketxeko hitzaldiaren ondoren, Patxi Azparren EuskalKultura.com-ekin bildu zen, eta besteak beste adierazi zuen Diasporako, eta bereziki Argentinako, euskal etxeak bisitatzearena 1998an Lizarra-Garaziko akordio garaian hasitako proiektua dela. 'Une hartan argi ikusi zen', azaldu zuen, 'Euskal Herriak bere osotasunean parte hartu behar zuela Bakea eta Burujabetza ekarriko zituen prozesu hartan'. [Eskuineko irudian, Euskariako hiru hizlariak, Txema Landa, Patxi Azparren eta Jose Migel Agirre Oar]

'Eta Euskal Populua, Euskal Herri geografikoan bizi dela, bistan da, baina baita, batzuetan gatazkarekin harremandutako arrazoinak medio, munduan zehar barreiatuta ere badagoela'. Azparrenek emendatu zuen, 'zenbait aldiz, diaspora daukaten beste herri batzuetan, diasporatik heldutako lana zinez baliosa izan dela' eta kasu irlandarra aipatu zuen adibide, izan ere 'eredugarria izan zen 1996an Irlanda Iparraldeko gatazka irtenbidetzen egin zuen ekarpena'.

'Lana, partaidetza eta ezagutza maila altua'

Joan den abuztuaren 22tik hona Argentinako zenbait tokitan egin duten ibilbideari buruzko balantzea ere egin zuen Euskariako ordezkariak, aipatuz 'arras positiboa' izan dela ikusmolde guztietatik, zuzenean eta jendearekin hizketan hartu baitute gauza askoren eskarmentua eta euren begiekin ikusi ahal izan baitute 'euskal etxeetan lanean ari direla, partaidetza handia dagoela, eta gai honi buruzko ezagutza maila altua'.

'Batzuetan esan ohi da zuhaitzek ez dutela basoa ikusten uzten eta Euskal Herrian hori gertatzen da batzuetan, basoaren barnean gaudela, zuhaitzez inguratuta, eta ezin diogula tamaina hartu. Hemen, alta, gurea bezala alderdikoia ez baina nazionala baden diskurtso batek', adierazi zuen, 'ahalbidetzen du basoa ikustea'. 'Ulertu dute gure diskurtsoa', ebatzi zuen, 'eta uste dugu gure ekimenak eta beste batzuk ere Diasporan sostengua topa dezaketela', amaitu zuen Euskariako kideak.


Lotura intersgarriak

Euskaria Fundazioaren webgunea
www.euskaria.net

Euskaria Fundazioak 8 hitzaldi eskainiko ditu Argentinan zehar
2007ko abuztuaren 21ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Patxi Azparren-en hitzaldia atzo bertan Mar del Platan (agenda)
2007ko irailaren 7an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia