euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskarazko milatik gora testu Marta Minujin-ek Buenos Airesen eraiki duen 'Liburuaren Babel' Dorrean

2011/05/24

Elvira Kortajarena 'Buenos Aireseko liburu Babel Dorrea'-ren standean (argazkia Irekia)
Elvira Kortajarena 'Buenos Aireseko liburu Babel Dorrea'-ren standean (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Liburuaren Munduko Hiriburua izendatua, Argentinako hiriburua ekitaldi berezien agertoki bihurtu da azken bolada honetan. Tartean bertako artista plastikoa den Marta Minujin-ek egindako 'Buenos Aireseko liburu Babel Dorrea' artelanaren inaugurazioa. Hogeita bat egunez luzatuko den erakusketan, euskaldunek leku berezia izan dute. Alde batetik, euskarazko 1041 liburu erabili ditu Minujin-ek bere egitura erraldoia egiteko; bestetik, Dorrearen ondoan dagoen standean, Euskadiko irudiak iragarri eta Juan de Garay Fundazioko lau liburu aurkeztu dira joan den maiatzaren 18an.

Buenos Aires, Argentina. San Martin Plazan, Argentinako hiriburuko erdigunean ikus daiteke egun hauetan Marta Minujin-ek sortutako 'Buenos Aireseko liburu Babel Dorrea'. Munduko hainbat hizkuntzatan idatzitako liburuak batzen dituen lan bide-urratzaile honek euskarazko testuak ere biltzen ditu. Izan ere, euskaraz dauden 1041 alez baliatu da artista plastikoa bere Dorrea altxatzeko. Euskadiko Ordezkaritzaren bitartez, Etxepare Institutuak, Ekin argitaletxe argentinarrak eta beste euskal erakunde batzuek – Jose C. Paz-eko Toki Eder, San Juango Eusko Etxea, La Platako Euzko Etxea, Buenos Aireseko Euskaltzaleak, Lapridako Lagunen Artean, Mar del Platako Denak Bat eta Cordobako Gure Txokoa euskal etxeek – helarazi zituzten euren ekarpenak proiektu honetan Euskal Herriko hizkuntzaren presentzia segurtatzeko.

Erakusketaren testu-inguruan, joan den maiatzaren 18an Euskadiko Ordezkaritzak “Euskadiri begira lehio txiki bat” ireki zuen San Martin Plazan, Buenos Aires hiriburuko bihotzean. “Leiho” honetatik, Euskadiko irudiak ikusi ahal izan zituzten standera hurbildu ziren bisitariek 'TV Euskadi, goza ezazu'-ren bidez.

Babel Dorrea Buenos Airesen 2011 01

[Enrique Aramburuk eta Jorge Beramendik Juan de Garay Fundazioaren liburuak aurkeztu dituzte (argazkia Irekia)]

Standean bertan eta egun berean Juan de Garay Fundazioak aurten argitaratu dituen lau liburuak -- “Universidad de Verano 2011 (Udako Euskal Unibertsitateko 2011ko azken lanak), Los Cuentos de Teresita (Teresitaren ipuinak); Cursillo de Lengua Vasca (Euskara ikastaro laburra) eta Aquellos Euskos, estos Vascos (Eusko horiek, euskaldun hauek) -- aurkeztu zituzten Fundazioaren ordezkari diren Enrique Aramburu eta Jorge Beramendik.

Babel Dorrea Buenos Airesen 2011 02

['Buenos Aireseko liburu Babel Dorrea' (argazkia Irekia)]

Gogora dezagun, 'Buenos Airesko liburu Babel Dorrea'k 24 metroko luzera duela eta 50 herrialdetako 20 mila libururekin eraiki dela. Hizkuntza eta genero askotako liburuak bihurtu dira eskulturaren oinarri, tartean nobelak, ipuinak, olerkia eta hiztegiak, besteak beste. Liburuak herritarrek eta herrialde eta kultura eta hizkuntza horietako ordezkariek eman dituzte dohaintzan. Eskulturaren erakustaldiak hiru aste iraungo ditu eta antolatzaileen arabera, 50 mila lagunek bisitatuko dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia