euskal diaspora eta kultura
2008/12/26
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Ehun eta hogei bat lagun elkartu ziren Euskaltzaleak-eko kideekin euskararen eguna ospatzeko abenduaren 6an, larunbata. Jaia etxeko abesbatzaren emanaldiarekin hasi zen. Eliseo Rodriguezen gidaritzapean, hamabi abeslarik osatzen duten koruak ‘Agur Jaunak’, ‘Basatxoritxu’, ‘Amagoian’ eta ‘Atzo tun tun’ abestiak eskaini zituen. Jarraitzeko, sortu berria den etxeko antzerki taldeak “Eskulturak” delako lana aurkeztu zuen. Itsaso Iribarren irakaslearen esanetan “nahiz eta taldea oso berria izan, antzezlan polita egitea lortu dugu. Maila ezberdinetako ikasleak neuzkanez, hasieran mimikaren bidez egitea hobe izango zela pentsatu nuen, baina aktoreek eskatu zidaten euskara erabiltzea eta horrela egin dugu”.
[Euskaltzaleak-eko antzerki taldea, Itxaso Iribarren zuzendari, 'Esculturak' izeneko antzezlana eskaini zuen Euskararen Eguneko jaian (argazkia EuskalKultura.com)]
Afariaren aurretik, ‘Ekin’ etxeko dantza taldeak, Aitor Alava dantzariaren zuzendaritzapean, erakustaldia oparitu zien gonbidatuei. Taldeak ‘Aurresku’, ‘Jota Tafalla’, ‘Lapurdiko Soka dantza’, ‘Arin Arin’ eta ‘Makil dantza’ egin zituen.
[Ekin dantza taldearen erakustaldiko une bat (argazkia EuskalKultura.com)]
Gauerdi aldera, euskara taldeetako ikasleen aurkezpenak hasi ziren. Goiko mailako taldekoek ‘Gure aitona-amonen istorioa’ izeneko antzezlana egin zuten. Lau zatitan banatutako lan honetan, Euskal Herritik Ameriketara etorri behar izan zen senide baten istorioa kontatu zuten. Jarraian, hirugarren urratseko ikasleek “Euskara gure esperantza” abestu zuten, Argentinako ‘Zamba de mi esperanza’ kantu ezagunaren musikarekin. Bukatzeko, ikasle berriek, hau da, lehenengo urratsekoek, umorezko teleberria egin zuten. Bai euskara, bai antzezpen aldetik, taldeek oso kritika onak jaso zituzten.
[Hirrugaren urratseko euskara ikasleak kantari (argazkia EuskalKultura.com)]
[Lehenengo urratseko euskara ikasleen emakizuna (argazkia EuskalKultura.com)]
Esan, bestalde, urte berezia izan dela 2008a Euskaltzaleak elkartearentzat, izan ere taldeko irakasle taldeko batzuk euskarazko titulu ofizialak lortu baitituzte. Marina Aranguren, Gabriel Arce, María Belén Girasole eta Sabrina Otegui irakasleen kasu izan da, eta oroigarri bana jaso zuten egindako ahalegin emaitzadunagatik.
Jaia goizeko laurak arte luzatu zen, eta dantza eta musikarekin Buenos Aireseko Euskara Eskolak berehala hemen izango den “datorren urtera arte” esan zuen.
Irudi gehiago, Argazki Galerian, hemen.
Zorion haundiak eta beroak eta hunkigarriak ikusirik Argentinako Diasporan nola bizi duzuen gure kultura eta nola Euskal Herrian bertan euskaldunek egiten ez dugun bezala ospatzen dituzuen gure hizkuntza eta gure ohiturak. Artikulu hau irakurrita eta argazki hauek ikusita, poza eta esperantza eta aurrera egiteko gogo haundiagoak sartzen zaizkit. Exenplu ezinhobea zarete, eta lastima da Euskal Herrian ezagunagoak ez izatea Diasporatik egiten dituzuen ahalegin guzti hauek. Segi aurrera eta besarkada haundi bat Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteko guztiei.
Euskaldun batek, 2008/12/29 00:26
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus