euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaraz idatzitako lehen liburuaren ingelesezko bertsioa aurkeztu dute aste honetan Bilbon

2013/05/16

Linguae Vasconum Primitiae liburuaren ingelesezko bertsioaren aleak (argazkia Bizkaia.net)
Linguae Vasconum Primitiae liburuaren ingelesezko bertsioaren aleak (argazkia Bizkaia.net)

PUBLIZITATEA

Bernard Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' (1545) liburuaren ingelesezko bertsioa elkarlanean argitaratu dute Reno-Nevadako Unibertsitateko 'Center for Basque Studies' (CBS) edo Euskal Ikasketa Zentruak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Aurkezpena Josune Ariztondo Bizkaiko Foru diputatuak eta CBSen Lagunen Elkarteko lehendakari Pello Salaburuk egin dute aste honetan Bilbon. Beñat Oyharcabal-en hitzaurrea eta Pello Salabururen aintzin-solasa dauka.

Bilbo, Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundiak aurkezpena dela eta plazaratutako oharrak argitzen duenez, Linguae Vasconum Primitiae, 2005. urtean Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Renoko Unibertsitatearen arteko lankidetzaren bidez argitaratzen hasi zen Basque classics series bildumako parte da. Bernard Etxepareren hau, euskaraz idatzitako literaturan ezagutzen den lehenengo liburua da eta ingelesez argitaratu da Aldundiaren eta Renoko Unibertsitatearen arteko lankidetza-akordioari esker. Liburuak Beñat Oyharcabalen hitzaurrea eta Pello Salabururen prologoa dauzka.

Reno-Nevadako Unibertsitatea lan garrantzitsua ari da egitenaspaldidanik Ameriketako Estatu Batuetan eta ingeles hizkuntzaren eraginpeko eremuan euskal kultura ikertu eta zabaltzen. Lan honi Jon Bilbao eta William Douglass irakasleek ekin zioten hasieran. Gaur egun "Center for Basque Studies" ezinbesteko erreferentzia bihurtu da ingelesezko irakaskuntza, informazio eta komunikazio esparruentzat euskaldunei eta euskal kultura eta hizkuntzari dagokienez.

"Linguae Vasconum Primitiae" lana argitaratu duen "Center for Basque Studies"ek Euskaditik kanpo euskal kulturari buruz dagoen liburutegirik onena izatearen ospea dauka. Baitaratzen duen dokumentu-funts bakarra eta originalarekin batera, Zentroak euskal gaiko liburuak argitaratzen ditu, zuzenean eta baita Robert Laxalt idazle euskal-amerikarrak sortu zuen "Nevada University Press"ek duen euskal bilduma medio ere.

Jarduera hauei guztiei esker, "Center for Basque Studies" erakunde erreferentziala da AEBetako euskal kulturari dagokionez. Bestetik, euskal interesak Iparramerikan defendatzeko zentro katalizatzaile bihurtu da. USAC izeneko elkartea ere, zentroaren itzalean jaioa, laguntzaile du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia