euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaraz eta valentzieraz, irakurketa batek amaituko ditu gaur 'Estelles euskaraz' liburuaren aurkezpenak

2014/03/27

'Estellés euskaraz' joan den azaroan Godellan aurkeztu zelarik, besteak beste musika ekarpenak ere tarteko (argazkiaAjuntamentGodella)
'Estellés euskaraz' joan den azaroan Godellan aurkeztu zelarik, besteak beste musika ekarpenak ere tarteko (argazkiaAjuntamentGodella)

PUBLIZITATEA

'Estellés euskaraz' liburura, jatorriz valentzieraz ziren bere poemak euskarara ekarriz omenaldia egin zioten iaz Valentziako Vicent Andrés Estellés poetari (1924-1993) eta liburuak aurkezpen elebidunak izan ditu geroztik Valentziar Erkidegoan zein Euskal Herrian. Gerardo Markuleta euskaratzaile, Bostezo etxea argitaratzaile, liburuko testuekin aurkezpen zikloko azken saioa egingo da gaur arratsaldean, Valentzia hirian, partaide, besteak beste, Quart de Poblet-eko Euskaltzaleok Valentzia euskal etxeko kideak.

Valentzia, Espainia. Valentzia hiriko Urria Kultur Etxean (Centro Cultural Octubre, San Fernando, 12, Valentzia) gaur arratsaldeko zazpietan egingo den aurkezpenarekin Estelles Euskaraz liburu elebidunaren aurkezpen zikloko azken saioa gauzatuko da, ekitaldiko partaideen artean Burjassot-eko alkate Jordi Sebastiá egongo delarik, Valentziako El Periodic kazetak bildu duenez.

Liburua, berez, iaz urte amaieran eman zen argitara --Gerardo Markuleta idazle eta itzultzaile oñatiarra euskaratzaile-- eta aurkezpenak egin zaizkiogeroztik Godella eta Burjassot herrietan, baita Gasteizen eta Durangoko Azokan ere. Liburua, euskarara itzuli den katalanezko autore baten lehenengo antologiatzat jo dute eta Bostezo etxea izan du argitaratzaile eta Godella eta Burjassot-eko udalak laguntzaile.

Bi herriotan eginiko aurkezpenen ondotik Llirían, Gasteizen eta Durangoko Azokan ere aurkeztu zen lburua, eta gaur Valentzia hirian aurkeztuko da, oraingoan ekitaldia eleanitza izango delarik, katalanez eta euskaraz gain Estellesen poemak, besteak beste, ingelesez, italieraz eta frantsesez ere irakurriko baitira.

Irakurraldi eleanitz honetan partaide izango dira, Estelles-en jaioterri Burjassot-eko alkatearekin batera, Hector Arnau (antologiaren arduraduna) eta Eduardo Marco poetak, Vicent Baydal historialaria, Dominic Keown (irakasle, itzultzaile eta Estellesen argitaratzaile anglosaxoia) eta baita ere Euskaltzaleok Valentzia euskal etxeko kideak eta Katalan Hizkuntzako Idazleen Elkarteko (AELC) kideak.

Bostezo argitaletxeko Paco Inclan-ek adierazi duenez, proposamenak jaso dituzte hizkuntz-bidaia hau alderantziz egiteko, alegia euskal poeta baten lana katalanera itzultzeko. "Pozik gaude liburuak izan duen harrerarekin, ez gehiengoduna, baina bai kalitateduna: laguntzen ari da valentziar herriaren eta euskal herriaren arteko loturak sendotzen. Dena den, domaia da argitaletxearen elebitasun hau exotismo gisa eta bitxikeriatzat hartu izana, agerian uzten baitu Estatua hizkuntz mailan jasaten ari den desegituraketa", adierazi dio El Periodic-i.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia