Donostia-San Sebastian. Bizi dugun kinka konplikatu samar honek ekarritako atzerapenen ondotik, gauzak berriro mugitzen hasi dira 'El Vasco' filmaren inguruan. EHko Pausoka ekoizleak, Argentinako Oeste Films eta Prisma ekoiztetxeekin batera, berrekin egin diete Argentinan girotuko den ‘El Vasco’ filmaren prestakuntzei. Izen handiko aktoreek hartuko dute parte, tartean Itziar Aizpuru eta Joseba Usabiaga euskaldunek eta Eduardo Blanco eta Ines Efron argentinarrek. Baina gehiago behar dituzte eta aurre-produkzio fase honetan, bigarren mailako paperetarako euskaraz egiten duten aktore argentinarren bila dabiltza ekoizleak.
Errodajea uztailean eta abuztuan egingo da, Cordoba eta Mendoza probintzietan. Parte hartzeko interesa dutenek bideo labur bat bidali behar dute euren burua euskaraz aurkeztuz elvasco@pausoka.euhelbidera.
Martxan berriro
EuskalKultura.eus-ek bere garaian azaldu zuenez, ‘El Vasco’ filma 2020ko maiatzean zen filmatzekoa Argentinan (bost aste) eta Euskal Herrian (astebete). Hasierako plan hau atzeratu behar izan zuten osasun egoera aldatu eta konfinamenduak hasi zirenean, baina urte berri honetan guztia prest da proiektuari ekin eta abiadura sartzeko, datak aldatuta baina toki beretan.
Filma komedia bat da. “Argentinara iristen den Mikel izeneko euskaldun baten gorabeherak kontatzen ditu. Mutilak ez du batere maite Euskal Herrian bizi duen euskalkeria giroa eta gauza euskaldunetatik zinez aldentzeko Argentinara emigratzea erabakitzen du. Baina Argentinara iristean, bertako euskal diasporarekin eta euskal kultura praktikatu eta lantzen duen komunitate batekin topatuko da", azaltzen dute ekoiztetxetik.
Gogora dezagun euskal estren partaidetzaz gain, Villa Mariako eta Mendozako euskal etxeetako dantzariak ere agertuko direla.
-Filmari buruzko informazio gehiago, hemen
-EuskalKultura.eus-ek Eduardo Blancori egindako elkarrizketa, hemen