euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskaraz blai': Bernardo Atxaga idazleak AEBtako euskaldunen Euskararen Eguneko bestan hartuko du parte

2007/11/26

Atxaga, New Yorken eman zuen hitzaldi batean
Atxaga, New Yorken eman zuen hitzaldi batean

PUBLIZITATEA

Munduko euskal etxe eta komunitateak lanean ari dira Euskararen Eguna dela eta antolatutako ekitaldiei azken ukituak ematen. Data, berez, abenduaren 3a da, San Frantzisko Xabier ospatzen den egun bera, aurten astelehena, baina askok asteburura aurreratuko dute ospakizuna. Horixe egingo dute AEBtako euskaldunek, esaterako, larunbatean Chinoko Euskal Etxean egingo duten bestarekin. Bertan Bernardo Atxaga idazleak eta Xabier Irujo Nevada-Renoko Unibertsitateko irakasleak, euskarari buruzko hitzaldiak emango dituzte eta jarraian euskara hutsezko afari batean hartuko dute parte, Chinoko Euskal Etxean.
Estatu Batuetako euskal komunitateak datorren larunbatean ospatuko du Euskararen Nazioarteko Eguna. 1948an Eusko Ikaskuntzak egun hau ospatzeko ideia bota eta gauzatu zuenetik, gero eta euskal etxe eta elkarte gehiagok egiten dute bat ekimenarekin eta munduan zehar barreiatzen dute euskararen oihartzuna. AEBetako euskaldunek Chinoko Euskal Etxera, Kalifornian, egin dute aurten deialdi nagusia.

Ekitaldi nagusia larunbatean izango bada ere, asteburu osoan zehar Chinon izango dute topagunea AEBko euskal etxeetako euskara irakasleek. HABEkin batera, euskara tailerra antolatu du NABOk eta ostiraletik hasi eta iganderaino bertan bilduko dira irakasleak. Tailerrean hizlari berezi izango dira Nere Lete, Boiseko Estatu Unibertsitateko euskera irakaslea, eta Kinku Zinkunegi, HABEko Euskara Munduan ekimenaren koordinatzailea.

Euskaran must egin!

Euskararen Eguneko ekitaldi nagusia, baina, larunbatean Chinoko Euskal Etxean egingo diren mintzaldiak eta afaria izango dira. 'Hizkuntza murgiltze' arratsaldea izango da, ekitaldi guztiak euskaraz egingo dituztelako. 'Euskaraz blai' izena eman diote ekimenari eta helburua, NABOren Astero buletin digitalean azaltzen den legez, AEBetako euskal hiztun eta euskara ikasleak euskara erabiltzen animatu eta euskara hutsezko inguru batez goza dezaten da.

Arratsaldeari lauak aldera ekingo diote, euskararen inguruko bi mintzaldirekin. Lehen hizlaria Xabier Irujo Nevada-Renoko Unibertsitateko irakaslea izango da. Berak 'Euskal etxea eta familia: Basque Home & Family' izena ezarri dio bere solasari. Jarraian Bernardo Atxaga idazleak 'Literaturak egiten dituen lanak' izeneko hitzaldia eskainiko du. Euskal idazle ezaguna Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en urtebeteko egonaldia egiten ari da, eta besteak beste eleberri berria prestatzen bertan, eta aurten Euskararen Eguna Chinon ospatzeko gonbiteari gustura eman zion baiezkoa.

Kantu saio herrikoia

Mintzaldien ondoren afarian bilduko dira bertaratutako lagunak eta itsaski espezialitatez osaturiko menua dastatu ahal izango dute. Afalostean Mike Bidart euskal kaliforniarraren musikak berotuko du giroa eta nahi duenak euskaraz kantuan aritzeko aukera izango du, horretarako bidea emango baitu Bidartek, berak eta bertako bere lagunek hain gustuko duten euskal kantu eta bertsotegi tradizionalaren laguntzaz. Euskararen Eguna era ezinhobean ospatu eta gozatzeko parada izango da, euskaraz!, noski.

Aipatu, bestalde, NABOk 'Euskaraz blai' izenpean honako ekitaldiok Eusko Ikaskuntzak nazioarteko Euskararen Egunean parte hartzeko deialdiarekin bat eginez antolatu baditu ere, bere 'Euskararen Egun' bereizia ere baduela, aurten, izan ere, joan den otsailean San Frantziskon, bertako Basque Cultural Center-en ospatu zuena, euskal etxe honen 25. urteurreneko egitarauaren barnean.


Lotura interesgarriak

'Euskaraz blai' afariari buruzko informazio gehiago
NABOren Astero berri buletinean

ENE sariaren bigarren edizioa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 25ean


Komentarioak

  • atxaga

    ez dut ezer ulretu

    bernardo, 2010/09/26 20:11

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia