euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaraz biraoak bota eta 'gustura' madarika daitekeela erakusten du Patxi Salaberri eta Juan J. Zubiriren liburuak

2007/10/16

Juan Jose Zubiri eta Patxi Salaberri joan den astean eginiko aurkezpenean (arg. Pamiela)
Juan Jose Zubiri eta Patxi Salaberri joan den astean eginiko aurkezpenean (arg. Pamiela)

PUBLIZITATEA

'Biraoak. Nafarroan bilduak' aurkeztu berri duten liburuan euskarazko madarikazioak biltzen dituzte bi idazleek. Lanarekin, euskaraz biraorik existitzen ez dela dioen mitoarekin apurtu nahi izan dute eta horrekin batera hizkuntzaren alde adierazkorra bizirik mantendu. Liburuaren mamia ez da juramentu-zerrenda soila, horrez gain adierazpenen jatorria, euren intentsitatea eta erabiltzeko adibide batzuk ere bildu dituzte Salaberrik eta Zubirik. Alu filda, melontzioa, zarratrakoa, malaprenda, urde zerria... euskaraz ere ehunka adierazpen daude 'gustura' madarikatzeko.
Liburua Nafarroan erabiltzen diren biraoak ezagutu nahi dituen edonori dago zuzendua. Euskaldun berrientzat ere gomendagarria dela adierazi zuen Zubirik aurkezpenean, ikasgelan ez baitaude horrelakoak entzutera ohituak. Gaztelerara jotzea ez dela beharrezkoa defendatzen dute egileek eta madarikatzeko orduan euskarazko baliabideak gaztelaniazkoak edo frantsesezkoak bezain mingarriak izan daitezkeela diote.

Euskal filologoak urte eta erdiz aritu dira aurkeztu berri duten lana osatzen. Horretarako, zortzi kolaboratzaileren laguntza izan dute Nafarroako hainbat herri arakatzeko. Liburuaren lehen zatian sarrera txiki bat topatuko dugu. Bertan azaltzen dute obraren metodologia, biraoak sortzeko erabili ohi diren atzizki eta hitz-amaierak, entonazioaren garrantzia eta erabilera anitzak. Ondoren ehunka madarikazio biltzen dira alfabetikoki ordenatuta. Horrez gain, birao bakoitza non erabiltzen den ere esaten digute, baita bakoitzaren esangura eta leku bakoitzean duen indarra.

Liburuaren bigarren zatian sailkapen semantiko bat egin dute sinonimoak eta adibideak eskainiz. 'Indargarriak' kapituluan biraoei indar gehiago emateko eta hauei laguntzen dieten zenbait hitz proposatzen dizkigute Salaberrik eta Zubirik. Azkenik, euskarazko 'hitz zatarrak' agertzen diren 37 obren sailkapena egin dute.


Lotura interesgarriak

Pamiela argitaletxea
www.pamiela.org

Piropoak euskaraz
Euskalkultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 13an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia