Donostia-San Sebastián. 2018a bere azken berriak uzten ari zaizkigu, eta horien artean Euskaraldia eta Euskararen Eguneko albisteak jasotzen segitzen dugu. Mundu osoko euskal etxe eta erakundeek egin zuten bat euskara bilgarri, kasu batzuetan Euskal Herritik oso gertu; bestetan milaka kilometrora. Guztietan euskara izan zen aldarri eta protagonista eta ekintza nagusiek hizkuntzari bisibilitatea emateko asmoa izan zuten. Dozenaka hitzordu geratzen zaizkigu aipatzeke, badakigu-eta askoz ere jarduera gehiago antolatu zirela, baina ezin guztietara iritsi, guztion lankidetzarik gabe bederen. Testu honetara, Boise, Cordoba, Valentzia, Madril eta Bartzelonako berri ekarri dugu, 2018 ENEri eskainitako sailaren hondarrean. Zeurea agertu ez bada, esaiguzu.
Estatu Batuetan, Boiseko euskara ikasleek Euskaraldiaren amaiera eta Euskararen Eguna Basque Museumean ospatu zuten. Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxeak kide eta lagunak bildu zituen bazkari batean eta Valentzian bertako bi euskal etxeek elkarrekin ospatu zuten.
Madrilgo euskaldunek zenbait ekitaldi egin zituzten Euskararen Eguna ospatzeko, eta abenduaren 3an Tirso de Molina Plazan elkartu ziren. Eta Bartzelonako Euskal Etxean ere ospatu zuten San Frantzisko Xabierren Eguna, mintzo-bira eta afari batekin.
[Boiseko euskaldunek Euskaraldia ospatu zuten mintza praktika eginez eta abestuz]
[Euskararen Nazioarteko Eguna Valentzian]
[Euskararen Nazioarteko Eguna Madrilgo Tirso de Molina Plazan]
[Bartzelonako mintza-bira]