euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Segitzen dute Argentinako euskal etxeetan Euskararen Eguneko eta urtea bururatzeko ekitaldi eta festek

2011/12/13

Rosarion, Gernika Plazan ospatu zuten euskaldunek Euskararen Nazioarteko Eguna (argazkia EE)
Rosarion, Gernika Plazan ospatu zuten euskaldunek Euskararen Nazioarteko Eguna (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Mota ugaritako ekimenak egin dira Argentinako euskal etxe askotan abenduaren lehenengo bi asteotan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu eta 2011ko ekitaldi egitaraua ixteko. Dantzak, sukaldaritza, kirolak, euskara… urtean zehar garatutako ekintzen erakustaldiekin agurtu dute euskal argentinarrek badoan urteari. Euskararen Egunari buruzko bigarren artikulu honetan, Buenos Airesko Laurak Bat, José C. Paz-eko Toki Eder, Villegasko Euskaldunak, Olavarriako Gure Etxe Maitia, San Migelgo Askatasunaren Bidea, Concordiako Ibaiko Izarra, Mendozako Denak Bat eta Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeetatik heldu zaizkigun berrien laburpena.

Buenos Aires, Argentina. Buenos Aires hiriburuan, Laurak Bat, Emakume Abertzale Batza, Lagun Onak Abesbatza eta Accion Vasca erakundeek abenduaren 3an burutu zuten euren Euskararen Eguneko ospakizuna. Gonbidatuak ere izan zituzten hiriburuko Belgrano etorbideko etxekoek. Izan ere, La Platako Euzko Etxea-ko lagunek ere parte hartu zuten jaialdian. Ekintzak larunbat iluntzean hasi ziren lagunen arteko Pilota Txapelketa batekin. Laurak Bat-eko trinketean, Gure Echea, Nafar Etxea, Iparraldeko Euskal Etxea eta Laurak Bat neurtu ziren, azkenean Nafar Etxeak bereganatu zuen lehiaketa batean. Anfitrioiak bigarren lekuarekin geratu ziren.

Pilotaren ondotik, gaueko 9:30etan abiatu zen Laurak Bat-en egoitzan egindako ospakizun nagusia. Euskal etxeko lehendakaria den Arantxa Goicoak ongietorria eman zien gonbidatuei eta Euskararen Egunari buruzko hitz batzuk esan ondoren, erakundeko euskara ikasleek egindako 2012ko egutegiak oparitu zitzaizkion bildutako jendeari.

Euskararen Eguna Laurak Bat-en 2011 01

[La Platako dantzariek Zuberoako Maskarada egin zuten Laurak Bat-en jaian]

Erakustaldia “Arretxinagako San Migel”ekin hasi zen, Accion Vasca eta Emakume Abertzale Batza erakundeetako dantzarien eskutik. Jarraitzeko, Karate erakusketa egin zuten etxeko kirol-taldeko kideek. Txikiek ekarri zituzten berriro ere dantzak agertokira eta “Zazpi Jauzi” dantzatu zuten. La Platatik etorritako dantzariek, ostera, “Zuberoako Maskarada” dantzatu zuten.  

Laurak Bat-en urtean zehar garatzen den beste ekintza bat 'Ipuin Akelarrea' da eta prosamen honen arduradunetako bat den Gabriela Mendiak Nafarroako elezahar nafarrak irakurri zituen Euskararen Eguneko festan. Lagun Onak koruaren kantariak ere partaide izan ziren ospakizunean eta urteko emankizunen bideo bat proiektatu zuten. Erakustaldia ixteko, euskal etxeko bideo instituzional bat aurkeztu zen – 'Buenos Airesek ospatzen du', 'Txiki Eguna' eta Eusko Jaurlaritzak Donostiako Mundu Batzarrean ehun urteko euskal etxeei egindako omenaldiari buruzko irudiekin – eta Arantxa Anitua lehendakariak esker beroak eman zizkien bildutako lagunei 2012ren alde topa eginez. Jaia ordu txikiak arte luzatu zen.

Euskararen Eguna Laurak Bat-en 2011 01b

[Ignacio Baña Barquin-en trikitixarekin, “Txapeloaz” dantzatu zuten gonbidatu guztiek]

Jose C. Paz, Gral. Villegas, Olavarria eta San Miguel

Buenos Aires probintzian ere ospatu zen euskaldunen hizkuntzaren eguna. Jose C. Paz-eko euskaltzaleak Senidetzearen Plazan elkartu ziren abenduaren 3an euskal jolas proposamen batzuk egiteko, tartean “Bizkotxo lehiaketa”, “Sokatira”, “Txantxikuak”, “Margotu” eta “Ikurriña Egin”. Dantzak ere egon ziren euskal txokoan, etxeko dantzarien eskutik. Euskararen Eguneko ospakizunarekin lotuta eta erakundearen kultur programaren baitan, Jorge Gonzalez Manent irakasleak Frantzisko Xabier-i buruzko hitzaldia eman zuen Toki Eder euskal etxean.

Euskararen Eguna Jose C. Paz-en 2011 02

[Euskal jolasetako irabazleek diplomak jaso zituzten Jose C. Pazeko ospakizunean (argazkia EE)]

Buenos Aires probintzia barnealdean, Gral. Villegasen Euskararen Eguna eta urte amaiera ospatzeko laurogei bat lagun bildu ziren Villegasko Euskaldunak euskal etxean. Afarian, erakundeko lehendakari Diego Tellecheak eskerrak eman zizkien etxea eraikitzeko laguntzen ari diren pertsona eta instituzio guztiei eta datorren urtean ekintza guztiekin jarraituko dela aurreratu zuen, tartean euskara eta dantza klaseekin, eta elkarretaratze eta kultur bisitekin.

Euskararen Eguna Gral Villegasen 2011 03

[Laurogeita hamar bat lagun bildu ziren Villegasko Euskaldunak euskal etxean (argazkia EE)]

Teknologia berrien garaian, internetez baliatu dira beste erakunde batzuk Euskararen Eguneko aldarrikapenak egiteko. Olavarriako 'Gure Etxe Maitia' euskal etxeak eta San Miguel-go 'Askatasunaren Bidea' elkarteak e-mailez agurtu zituzten euren kide eta lagunak Diasporako euskal egutegian garrantzi handikoa egun honetan.

Concordia eta Mendozan

Entre Rios probintziako Concordia herrian bi euskal erakunde bildu ziren Euskararen Nazioarteko Eguna eta urte amaiera ospatzeko. Izan ere, Ibaiko Izarra euskal etxeko eta laurogeita hamar urte bete dituen Club Vasco-Argentino-ko kideek klubeko trinketean elkarrekin afaldu zuten. 140 bat lagunek, Hugo Echeveste, Elvira Mendiburu, Gustavo Estanga Andia eta Mariano Silva-Torrea euskal etxeko sukaldariek prestatutako platerak dastatu eta euskal dantzak ikusteko aukera izan zuten. Gazte Lurra dantza taldeak “Aurresku”, “Arku mistoak”, “Fandango”, “Arin Arin” eta “Makil Dantza” dantzatu zituen. Euskal dantzak bukatzean, Supremacia Taldearen erritmora bizi-bizi dantzatu zuten gonbidatu guztiek.

Euskararen Eguna Concordian 2011 04

[Concordia-ko dantzariak aipatu ekitaldian, aurreskua dantzatzen (argazkia Akelarre)]

Andeen magalean ere izan zuen Euskarak bere jaia. Izan ere, Mendozako Denak Bat euskal etxeko kideek festa berezia egin zuten abenduaren 10ean Euskararen Eguna ospatu eta ikasturteari agur esateko. Topaketa, iluntzeko 7:30etan hasi zen Denak Bat-eko egoitzan eta euskara taldeen erakusketekin batera, euskal dantzaz eta pintxoez ere gozatu ahal izan ziren gonbidatuak.

Euskararen Eguna Mendozan 2011 05

[Mendozako euskara ikasleek euskarazko antzezlanak eskaini zizkieten bildutako jendeei (argazkia EE)]

Rosarioko Zazpirak Bat-en

Eguraldi ederra baliatuz, aire zabaleko ekitaldiak gauzatu zituzten Rosarioko euskaltzaleek abenduaren 3an. Aurten ere hiriko Gernika Plaza izan zen elkargunea; hor txoko bat ezarri zuten Zazpirak Bateko kideek janari tipikoak eta oroigarriak saltzeko eta baita kulturari buruzko azalpenak emateko ere.

Euskararen Eguna Rosarion 2011 06

[Zazpirak Bat euskal etxeko Fernando Lizarbe eta Itziar Aguirre (argazkia EE)]

Euskararen Nazioarteko Egunean, Zazpirak Bat-eko hizkuntzaren arloko arduraduna den Fernando Lizarbek euskarari buruzko hitzaldi laburra eskaini zuen jaiarekin hasteko. Ondoren, Itziar Aguirre sukaldari euskaldunak euskal sukaldaritzaren sekretuetako batzuk konpartitu zituen publikoarekin eta segidan Irlanda, Eskozia eta Kataluniako gizataldeetako dantzariek euren ekarpena jarri zioten ospakizunari. Jaia bukatzeko etxeko Gaztedi Zutik taldeko gazteek musika eta kolorez bete zuten plaza.

(Zure euskal etxeak ekimenik gauzatu badu Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, eta orain arte argitara eman ditugun artikuluetan horren aipurik egin ez badugu, animatu zaitez eta parteka ezazu gurekin daukazun informazioa, datu batzuk eta lerro batzuk bidaliz, argazkiren batekin. Guztion artean egiten dugu ahalegina da EuskalKultura.com. Mila esker aldez aurretik)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia