Buenos Aires, Argentina. Gaur, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoan. Argentinako hainbat euskal etxetan, ordea, euskaltzaleak aurreratu egin dira eta dagoeneko azken egunetan hasi ziren topaketak egiten, Tres Arroyoseko Hiru Errekakoak kasu. Pixkanaka eraikitzen ari diren euren egoitzan ospatzeko eguna iritsi bitartean, azaroaren 26an, asteartean, Cartagena tabernan egin zuten. La Platako Euzko Etxean, berriz, joan den asteazkenean, azaroaren 27an, UNLPko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzako euskara ikasleak eta Euzko Etxeko taldeak elkartu ziren. Mendozan ere lehenengoen artean izan ziren. Joan den larunbatean, azaroaren 30ean, Denak Bat-en egoitzan ospatu zuten "El Vasco" filma emanez eta ondoren euskal etxeko tabernan pintxoak eta edariak partekatuz.
Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan, Cordoban, aurten azaroaren 27an asteazkena, Hizkuntza Gutxitu eta Gutxiengotuen XV. Topaketa burutu zuten. Gerora Elkarteak antolatuta, Armeniako Gizataldeko, Lituaniako Elkarteko, Nueva Polonia Elkarteko, Esloveniako Slovenšкina v Cordobi Elkarteko eta Gerora elkarteko kideek hizkuntza, artea eta kulturaren arteko balizko elkarrizketen inguruan hausnartu zuten. Eta larunbat goizean, ospakizunekin jarraituz, Gerora elkarteko ikasle-irakasleek aurtengo azken "Mintza" topaketa egin zuten, euskarazko solasaldi eta aisialdirako gunea, eta ondoren bazkaria partekatuz.
FEVAren bideoa Argentinako euskal etxeek ENE ospatzeko antolatu dituzten ekintzen berri emateko
Gaur bertan bategite jarduerak hasiko dituzten elkarteen artean, Mar del Platako Denak Bat dago, astebete euskara ospagai hartuko duena. Gaur bertan, abenduaren 3a, asteartea, 18:30ean, lore eskaintza egingo dute San Martin plazako Gernikako Arbolaren kimuan. Ekitaldia bukatutakoan, 20etan elkartuko dira euskal etxeko kintxoan ospakizunekin jarraitzeko. Abenduaren 5ean, ostegunean, 19:30ean, “Amama”, Asier Altunaren filma emango dute EEko “José Ariztimuño” Liburutegian. Ostiralean, abenduaren 6an, euskara ikasleen taldeak interbentzio artistikoa egingo du euska etxeko jatetxean eta igandean, abenduaren 8an, Apandeko egoitzan parrillada batekin itxiko dute astea. Magdalenako Ongi Etorrikoek ere ospatuko dute gaur, 20etan, “8 euskal abizen” emanaldiarekin eta, ondoren, askaria partekatuko dute.
Kirmen Uriberen “Munduari begiratzeko” poema Euskara Munduan programan aurten euren formakuntza hasi duten ikasle-irakasleek ENE ospatzeko grabatuta
Parte hartzea errazteko asmoz, euskal etxe askok datorren larunbatean, abenduaren 7an, burutuko dituzte ekitaldiak. Besteak beste, José C. Pazen, Toki Ederrekoek, aurtengo dantza eta haurren tailerrei eta euskara ikastaroei amaiera emateko, joko eta jolasak antolatu dituzte. Askaria partekatuko dute eta Olentzeroren bisita espero dute. Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeak ere afari show-a egingo du larunbatean, bere egoitzan gaueko bederatzietatik aurrera. Chacabucon, 19etatik aurrera, Lusardi Etxean (Alsina eta Mitre) jolasak, musa, txikien eta helduen dantza erakustaldia eta gastronomia tipikoa eskainiko dituzte. Pergaminoko Lagun Onak-en, egunean zehar, "Jorge Etchebehere" Mus Txapelketa egingo da eta, gauean, danborrada, dantzak, euskarazko ekintzak eta euskal sukaldaritza lagun ospatuko dute. Eta Buenos Airesen, Euskaltzaleak elkartea 18etan hasiko da ospatzen. Jolasak, lagunodromoa, zuzeneko musika, dantza, pintxoak eta erromeria izango dira.
Argentinako beste hainbat tokitan ere egingo diote omenaldia euskaltzaleek Euskal Herriko hizkuntzari. Ohi bezala, hemen aipatutakoak erakusgarri. Zeure euskal etxeko hitzordua ikusten ez baduzu, idatzi info@euskalkultura.eus-era. Hitzordu gehiagom agendan.
Guztioi, zorionak!