euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta munduko euskaldunek nazioartekotasun hori bermatuko dute

2021/12/03

Mexikoko Euskal Etxearen ekintzen berri
Mexikoko Euskal Etxearen ekintzen berri

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Europako eta Amerikako erakunde batzuk –tartean euskal etxeak eta Etxepare Euskal Institutuak unibertsitateetan kudeatzen dituen euskara eta euskal kultura irakurletzak– ospakizunekin aste honetako aurreneko egunetan hasi baziren ere, gaur eta bihar egingo ditu Euskararen Nazioarteko Egunak (ENE) bere dei eta ekitaldi gehienak. Gogoan izan, bestalde, gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna izateaz gain, San Frantzisko Xabier eguna dela eta baita Nafarroako Eguna ere, hiruak elkarri lotutako efemerideak.

Euskararen Egunean mugatuz, azken urteetan, urteak pasatzen joan ahala, hazten eta oihartzun handiagoa hartzen joan den deia izan da. Batetik, bere sorrerarik Diasporari lotutako proposamena izanik, luze bereziki Diasporan ospatu izan den festa eta aldarrikapena izan delako. Hori aldatu da gaur egun, Euskal Herrian barrena ere indar handiz ospatzen baita, eta euskal instituzioak ere ofizialki gehitzen zaizkio egunaren helburuei, hamaika izanik Europako Euskal Herriko auzo, herri eta hirietan antolatzen diren atxikimendu ekintzak, herritarrek zein instituzioek antolatuta.

COVID-119ak baldintzatutako kinka berezia bizi dugu munduan 2019tik hona eta aurten ere, olatuak gora eta behera, badira munduan biltzeko aukerarik izan ez duten euskal etxe eta taldeak, edota, Berlingo Gernika euskal elkartearen kasuan bezala, ekitaldi prestatu --poesia erotiko-SUA bilkura-- eta bertan behera utzi behar izan dutenak, pandemiaren xifrak gorantz doazen testuinguru batean. Gure animoak euskal etxe eta elkarte hauei ere.

Datorren bideo honetara ekarri dugun lekukotasuna gaztelaniaz dago eta Etxepare Euskal Institutuaren 'Euskara Munduan' programako koordinatzaile Kinku Zinkunegi biltzen du, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak ENE dela-eta jaso dizkion hitzetan, eskerrak emanez bereziki Argentinan --argentinarrek egindako galderei erantzuten baitie-- euskara ikasi eta irakasten duten jendeei, eta, euskara jakin ez arren, irakaskuntza mugimendu hori lagundu eta posible egiten dutenei.


[Kinku Zinkunegiren hitzak Diasporan eta Argentinan euskara ikasten/irakasten dutenei eta hori ahalbidetzen dutenei]

Jarraian, Euskararen Nazioarteko Egunari loturik munduan barrena deiturik iritsi zaizkigun hitzorduak. Ez ditu gertatuko diren ekitaldi guztiak biltzen, asko baitira munduan Euskal Herritik kanpo egingo direnak, baina argazki esanguratsua eskaintzen dute munduan euskara ospatuz eta aldarrikatuz gertatzen denaz. Hona gure erredakziora iritsitako deialdiak. 

Ostirala, abenduaren 3a

Frantziatik hasiko dugu ibilbidea, Bordaleko Euskal Etxean, hain zuzen, arratsaldeko 7etatik aurrera Orestobask jatetxean ospatuko baitute ENE, euskal ekoizleen produktuak erosteko aukerarekin. Jolasak eta lehiaketak Xabi eta Patrick euskara irakasleen eskutik. Eta kantua. Eta zozketak, euskal produktuak irabazteko aukerarekin. Informazio gehiago, hemen. Atlantikotik Mediterraneoaldera, Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeak 7:30etatik aurrera ospatuko baitu ENE, pintxo pote eta "Afari misteriotsuaren Ihes Gela" batekin.

Ozeanoa gurutzatu eta Buenos Aireseko Euskaltzaleak-en bertako proposamenak euskarazko kantak dakartzagu, Jon Urdangarin Lazkaoko irakasle eta musikaria partaide, Zoom bidez. Hitzordua, arratsaldeko 7etan da. Argentinan barne aldera eginez, Cordobako Gerora Euskal Elkarteak arratsaldeko 6etan finkatu du bere hitzordua, hau ere Zoom bidez eskainiko dela: Hizkuntza Gutxiengotuen XII. Topaketa izango da, mapuzungun, wichi, esloveniera, piemontiera eta euskara aztergai. Parte hartzeko, izena geroracordoba@gmail.com helbidean behar da eman.

Azken ekitaldi honekin bat egingo du Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak. Eusketxe, dena den, aste osoan zehar ibili da ENE dela-eta kultura programa bat garatzen, eta asteartean, esaterako, literatura omenaldi bat antolatu zuen, Venezuelako euskal diasporari lotutako Martin Ugalde idazlearen ardatzean, eta honen alaba Mire Ainara Ugalde solaskide online Hernanitik. Asteazkenean Mintza-praktina bat eskaini zuen, eta ostegunean Diasporako beste idazle baten obra aztertu zuten, Martin Etchart estatubatuarraren 'The Good Oak', 'Aritz ona, el roble protector' bertan jorratu zen gaztelaniazko bertsioan.

Hegoalderago, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak ‘Maixabel’ filma proiektatuko du, iluntzeko 8:30etan izango da. Informazioa, hemen. Eta Rosarioko Zazpirak Bat-ek, arratsaldeko 7etan, Altsasuko auziari buruzko dokumentala eta hitzaldia programatu du, Oihane Perkatz irakaslearekin. ondoren, 9etan, afaria eta euskal karaokea. Informazio gehiago, hemen.

Unibertsitate mundura igaroz, Txekiar Errepublikako Masaryk eta Karlova Unibertsitateetan, zinema hitzordua bi zatitan, ‘Dantza’ filma proiektatu baitzuten atzo eta gaur, berriz, Oier Araolazarekin dantzari eta dantza aditua eibartar ezagunarekin solastu¡eko aukera izango baitute Zoom bidez, filmari buruz partikularzki eta euskal dantzen inguruan eta euskal kulturaz orohar. 12:00etan egingo da, ingelesez.

Polonian, Poznańeko Adam Mickiewicz Unibertsitatean, euskara eta euskal kulturari buruzko hitzaldi sorta eskaintzen aritu dira azken egunotan, abenduaren 1etik 8ra arte luzatuko den proposamenean. Hizlariak Katarzyna Mirgos, Joanna Zawiszewska, Natalia Stolarska, ikasle eta ikasle ohiak partaide ari dira gauzatzen.

Larunbata, abenduaren 4a

Ipar Amerikan hegoaldeen dagoen herrialdera pasatuko gara Mexikoko Euskal Etxearen eskutik, Mexiko Hiriko euskal elkarteak eguerdiko ordu 1ean eskainiko duen ‘Amari’ dokumentalaren emanaldia ailegatzeko; arratsaldeko ordu 2:30etan, ostera, ikasleen topaketa egingo dute. Informazio gehiago, hemen. Jauzia Europara, Erresuma Btura, Londreseko Euskal Etxeak arratsaldeko ordu 2etatik 6etara deitu baitu biltzera Doodinge Gunean. Pintxoak eta edariak eskainiko dituzte. Ez da beharrezkoa erreserbak egitea.

Hego Konora buelta eta bisita Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxera, ENE eta urte amaierako jaia elkarrekin ospatuko dituzte-eta: afaria, eta musika eta dantza ikuskizuna. Sarrerak salgai. Informazio gehiago, hemenSan Nicolaseko Euzkal Etxeak, bere aldetik, herriko Mitre Plazan bilduko ditu bazkide eta lagunak Euskararen Eguna ospatzeko, arratsaldeko 7etan: musika, dantzak, plater tipikoak eta poesia haritzaren inguruan.

Paraná ibaia zeharkatu eta Uruguaira eramango gairu azken jauziak, herrialdeko euskal etxe kopuru handi bat biltzen duen FIVU Uruguaiko Euskal Etxeen Federazioak ekitaldi bateratu batez ospatuko baitu ENE. Federazioko kide diren Euskaro, Haize Hegoa, Ibai Ondoko Euskal Etxea eta San Joseko Euskaldunak Taldea elkarteak San José de Mayo-ko Euskal Etxean bilduko dira eta bertan ospatuko dute, euskara ikasle eta irakasleek antolatutako programa bati jarraiki. Hitzordua, arratsaldeko 5etan.

Datozen egunetan

Bartzelonan, Bartzelonako Unibertsitateko eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakurletzek Kimuak laburmetraien proiekzioa egingo dute abenduaren 9an. Abenduaren 10ean, berriz, eta Euskal Etxearekin eta Hizkuntza Eskola Ofizialarekin batera, Mintzodromoa gauzatuko dute.

Zure euskal etxearen hitzordua ez baduzu topatzen, idatzi helbide honetara



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia