euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Nazioarteko Eguna behar bezala ospatuta, 2017ko ekintzen errepasoa egin du Limako Euskal Etxeak

2017/12/19

Limako Euskal Etxean egindako Euskararen Eguneko ospakizuna
Limako Euskal Etxean egindako Euskararen Eguneko ospakizuna

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko eta Peru bertako lagun talde polit baten eskutik egitarau oparoa garatu du aurten ere Limako Euskal Etxeak. Urtarrilean Danborradarekin hasita, Euskal Herriko jai nagusiek euren oihartzuna izan dute Pazifiko kostaldeko hiriburuan. Haatik jaiak ez dira euskal elkarteak daukan proposamen bakarra; ekintza solidarioak ere antolatzen ditu erakundeak. Datorren urteari begira, segituko dute limatarrek euren jarduerekin, tartean Xabi Gil irakasle nafarrak ematen dituen euskara klaseekin.

Lima, Peru. Duela hiru urte hasi ziren oraingo euskara klaseak Limako Euskal Etxean bertan bizi den Xabi Gil irakaslea arduradun. Ikasleak Limakoak dira baina baita Euskal Herrikoak ere; kasu honetan euren euskara “ez galtzeko” hartzen dute parte eskoletan lagunek.

Taldea oso konprometituta dago euskararekin eta euskara zabaltzearekin eta munduko beste euskara ikasle-irakasle askok bezala, bat egin zuen abendu hasieran Euskararen Nazioarteko Egunarekin. Aurtengo ospakizunean bi aurkezpen egin zituzten taldeko lagunek. Irakasleak azaldu digunez, “hitzaldi batean, euskarari buruzko datu bitxiak eta istorioak aipatu genituen, euskal immigrazioa eta euskarari, eta Liman eta Perun dauden euskal izeneko lekuak; Herri Kirolei buruzko aurkezpen bat ere egin genuen, eta saiatu ginen bateonbat praktikatzen, lokotxak esaterako”.

Baina euskararekiko daukatena ez da taldearen engaiamendu bakarra. Peruko gizartearen aldeko ekintzak ere egiten ditu elkarteak, ‘Navidad en la selva’ (Gabonak ohianean) delako programa esaterako. Irakasle euskaldunak azaltzen digunez, 2014tik hartzen dute parte ‘Navidad en la Selva’ jarduera sozialean. "Nahi duenak opari bat presta dezake, jostailu, arropa, ikasteko materiala, zernahi, eta Peruko oihanean bizi den jendeari helarazten diogu, bertan bizi den lagun bat medio. Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin egiten dugun elkarlana da, eta aurten hamabost lagunek hartu genuen parte”.

Urte osoko ekintzak

Limako Euskal Etxearen jardunak agortzen ari den 2017 honetan danborradarekin hasi ziren urtarrilean. Hogeita hamar bat lagun bildu ziren Euskal Etxean eta Sarriegi maisuaren piezen erritmora bazkaldu, danborrak jo eta abestu zuten. Apirilean Korrika ospatu zuten perutarrek Mirafloreseko malekoian. Korrika bukatuta, bazkari bat egin zuten, aurreskua dantzatu eta bertan mus txapelketa txiki bat antolatu zuten bildutakoen artean.

Apirilaren 6tik 9ra Mercomus Txapelketaren egoitza izan zen Limako Euskal Etxea, Argentina, Uruguai, Venezuela, Txile eta Peru bertako muslariak partaide. Euskal etxe antolatzailearen mesederako, bere ordezkariak izan ziren txapelketako irabazle. Uztaila aldera Iruñeko jai handiena ere iritsi zen Limara eta euskara taldekoak eta oro har Euskal Etxeko lagunek afari batekin ospatu zituzten Sanferminak. Aste batzuk geroago Aste Nagusia ere ospatu zuten.

2018ari begira antzeko egitarau bat antolatzeko asmoa dute Limako Euskal Etxekoek Xabi Gil eragile. Bera, gainera, LEGAZ-Limako Euskal Gazteria taldeko parte da eta hainbat jarduera antolatzen dituzte euskara eta euskal kulturari lotuak. “Datorren urtean euskara klaseekin jarraituko dugu. Orain daukagun taldea A2 mailakoa da baina hasierako bat ere irekiko dugu interesatuak egonez gero. Klaseak doainik dira, beraz nahi dunak har dezake parte, eta ez du ordainduko ezer”, diosku iruinsemeak.

Limako Euskal Etxea Facebooken dago, Euskaletxea Centro Vasco - Peru  izenpean 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia