Donostia-San Sebastián. Diasporako euskal etxeak jo eta su ari dira lanean azkenaldia, Euskararen Eguna dela eta hainbat ospakizun, ekitaldi eta topaketa antolatzen. Izan ere, festa hau Diasporako euskaldunak gogoan sortu zuen 1948an Eusko Ikaskuntzak, eta harrezkero, urtero urtero, hitzorduarekin bat egin dute munduko makina bat euskal elkartek, hutsik egin gabe.
Aurten ere, hasi dira geurera heltzen hamaika deialdi eta ekitaldiren berriak. Jarraian biltzen ditugu horietako batzuk (besterik badakizu, esaiguzu iruzkinen atalean eta agendan jarriko dugu):
Hasteko, Londresen London Basque Society elkarteak Mintza Eguna egingo du larunbat honetan, azaroaren 29an, euskara praktikatzeko eta praktika horrekin Londresen ere euskaraz bizi nahi duten euskaldunak badirela aldarrikatzeko.
Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Euskal Herrian egingo diren ekitaldi ofizialez gain, Mexiko DFen Bernardo Atxaga idazleak euskal literaturari buruzko hitzaldia emango du hiriburuko Arte Ederretako Jauregian. Egun berean, baina Montrealen, Québecen, Euskaldunak Euskal Etxeak elkartearen egoitzan egingo den festara deitu ditu bazkide eta lagunak eta ondoren, L'escalier tabernako taulagainera igoko dira denak, euskal kantaldi bat eskaintzeko.
Abenduaren 4an, Boisen, AEBetan, Euzaldunak Basque Clubek zinea eta musika uztartu ditu ospakizunetan. Hasteko, Amy Arnold eta Etienne Trepannnier kanadiarren "Basque Country: a Nation without Borders" dokumentalaren emanaldia egingo da euskal etxean, eta ondoren gabon kantak eta Amuma Says No taldearen kontzertua Leku Ona jatetxean.
Madrilen, abenduaren 4an, Euskal Etxeak afaria egingo du Euskararen Eguna ospatzeko, elkarteko euskaltegiko ikasle eta irakasleek antolatuta. Hurrengo egunean, abenduaren 5ean, Mallorcan, Artea Euskal Etxeak euskara eta katalanari buruzko solasaldia iragarri du. Hizlari izango dira bertan Pau Sarria, Kinku Zinkunegi eta Joan Melia.
Sydneyn, Australian, Gure Txoko euskal etxeak bazkaria egingo du abenduaren 6an, larunbatean. Alemanian, Berlinen, bertako euskal etxeak Gabriel Aresti eta Bertold Brecht idazleen olerkien irakurraldia egingo du. Eta Kanadako Burnabyn, Zazpiak Bat Basque Club elkarteak egun berean ospatuko ditu Euskararen Eguna eta Gabonetako festa, Olentzero ere bertara bilduko delarik. Amaitzeko, abenduaren 7an, Uruguaien, Montevideoko Haize Hegoa elkarteak festa bat egingo du bere egoitzan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko.