euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Egunekoa, hizkuntzari egunero eskaintzen dion omenaldiari gehitu zion Tres Arroyoseko Hiru Errekak

2007/12/18

Andres Monteagudo euskara irakaslea eta Euskararen Egunean aritu zen haur taldeetako bat
Andres Monteagudo euskara irakaslea eta Euskararen Egunean aritu zen haur taldeetako bat

PUBLIZITATEA

XX. mendean Tres Arroyosen euskal kultura lantzeko Euskal Etxe bat sortzeko zenbait saio egin ondoren, 1999koa sendotu eta irmo ari da errotzen. Halaxe dio bere webguneak eta halaxe erakusten du 'Hiru Erreka' EEaren jardunak, euskal kultura lantzen ezezik, hedatzen eta gainerako herritarrekin partekatzen baitihardu Tres Arroyosen euskal etxe gazte honek. Bertako euskara irakaslea hasia da eskolak ematen auzoko Claromecó-n ere eta eskaintza beste herri batzuetara nahi dute zabaldu. Euskararen Eguneko euskararen omenaldia, urtean zehar egiten diotenaren emaitza naturala baino ez zen izan Tres Arroyosen.
Joan den urtean ospatu zuten lehen aldiz ofizialki Hiru Errekakoek Euskararen Nazioarteko Eguna. Tradizio gisa finkatu eta urtero ospatzen segitu nahi dute eta joan den abenduaren 3an, astelehena, Hiru Erreka Euskal Etxeak bigarrenez ospatu zuen Euskararen Nazioarteko Eguna. Gogoz, irudimenez eta ilusioz. Ikasle eta irakasleek, ospakizunerako, joku berriak asmatu eta prestatu eta zenbait gairi buruzko hitzaldiak gertatu zituzten.

Ekintzen hasiera arratsaldeko zazpiak aldera izan zen, euskal kultura eta hizkuntzari buruzko hizketaldiez. Silvio Laborde euskal abizenei buruz mintzatu zen, hauen jatorri, esangura eta berezitasunak aipatuz. Ondoren, Miriam Arigok Euskal Mitologiaren inguruan jardun zuen eta honen eta amerikar kontinenteko jatorrizko herrienaren arteko alderaketa egin zuen.

Haurren jokoen txandan, adinen arabera banatu zituzten, hiru taldetan: 3tik 5 urte arteko txikienak, txikiak 6tik 12ra, eta 18 urte arteko nerabeak. Honela antolaturik, txikienen taldeak 'Olentzero margotzen' jokoari ekin zion, jokoaren izenak iradokitzen duena eginez; 6tik 12ko taldeak, berriz, 'Burmuin magikoa' eta 'Hizki zopa' praktikatu zituzten, hitzak eta zenbakiak modu ludikoz ikasteko bi joko. [Goi ezkerreko irudian, haurren bi talde txikienak, euren jokoez gozatzen (argazkia Hiruerreka.com.ar)]

Nerabeentzako 'Lehenengo ikasgaia'

Nerabeek, azkenik, 'Lehenengo ikasgaian' izeneko joakoan hartu zuten parte, Argentinan Euskaraz Irakaskuntza Programaren barne datorren Urko kantari donostiarraren izen bereko kantu ezaguna oinarri harturik. Euskaraz esaldiak osatzea dauka helburua jokoak, eta pistak eta errazgarriak ematen dira horretarako. Partaidetza jokoen ondotik, Hiru Errekako dantza taldeko kideek pauso batzuk erakutsi zizkieten bertaratutakoei, hau ere euskara lanabes erabiliz.

Gau sarturik eta festari behar bezalako amaiera ipintzearren, Maria Isabel Tolosa abeslariak Urkoren aipatu 'Lehenengo ikasgaia' kantua eta Oskorriren 'Euskal Herrian Euskaraz' kantatu zituen. Honelaxe bildu zituzten Argentinako Buenos Aires probintzia barnealdean dagoen Hiru Erreka Euskal Etxe gazteko euskaldunek beraien ahotsak mundu osoko beste hainbat tokitan, Euskal Herrian zein Diasporan, euskalgintzan lankide dauzkaten bestelako hamaika tokitako ahotsekin. [Goi eskuineko irudian, Hiru Errekako dantzariak, eta Maria Isabel Tolosa abeslaria (argazkiak HiruErreka.com.ar)]


Lotura interesgarriak

Hiru Erreka Euskal Etxearen webgunea
www.hiruerreka.com.ar

Hiru Errekako dantzariak Adolfo Gonzales Chaves-en
2007ko azaroaren 14ean EuskalKultura.com-en argitara emana

'Haizearen Jaia' Tres Arroyoseko Euskal Plazan
2007ko irailaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Hiru Errekako dantzariak jantziak estreinatzen
2007ko abuztuaren 25ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Hamalau dira jadanik Claromecó-n euskara ikasleak
2007ko abuztuaren 17an EuskalKultura.com-en argitara emana

'Euskal Txokoa', euskal kultura hedatzeko ekimen berria
2007ko maiatzaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

Hiru Erreka-k José Luís Artuch hautatu du berriz lehendakari
2007ko maiatzaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

EEak bere 'Patrimonio Tresarroyense' saria banatu du
2007ko maiatzaren 10ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia