euskal diaspora eta kultura
2013/11/28
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Eusko Ikaskuntzak 1948an sortu zuenetik hona, asko hazi eta zabaldu da Euskararen Nazioarteko Eguna eta, gaur egun, munduko hainbat bazter eta txokoetara heltzen da festa, Diasporako euskaldunei esker. Berez, Euskararen Eguna abenduaren 3an ospatzen da, baina munduko zenbait euskal elkarte hasiak dira jada hainbat ekitaldi berezi egiten.
Berlingo Euskal Etxeak atzo hasi zuen Euskararen Eguneko ospakizunen egitaraua eta Euskal Herriko kartelen erakusketa bat inauguratu zuen. Historia berezia da kartel bilduma honena: Fritz Teppich 36ko gerran gudari izan zenak bildu zituen 80. hamarkadan. Atzo egingo lituzke 95 urte Teppich-ek, eta bere ohorean egin zen erakusketa. Hil baino lehen kartel guztien itzulpena egin zuen Berlingo Euskal Etxeko kide Lourdes Eizagirre eta Constanzerekin batera.
Aldiz, Madrilgo Euskal Etxean, gaur bertan abiatuko dira egun honen karira antolatutako jarduerak. Euskaltegiko irakasleek (Erru, Ane eta Esti) antolatuta, Euskarazko Olerkien III. Lehiaketaren sari banaketa ekitaldiarekin hasiko da festa, 19:00tan. Ondoren triki-poteoa egingo da eta amaitzeko afarian bilduko dira elkarteko kideak.
Sydneyn, Australian, etzi egingo du Gure Txoko Euskal Etxeak Euskararen Eguneko festa. Ekitaldiak goizeko hamarretan hasiko dira, txikientzako jokoekin. Ondoren mus txapelketa bat jokatuko da eta eguerdian, 14:00tan, hasiko da bazkaria frontoian.
Bruselas, Fenêtre Ouverte
Europara itzuliz, Bruselan euskal kultura jaialdia ari dira egiten egunotan, Etxepare Euskal Institutuak bertako erakundeekin elkarlanean sustatuta. Euskararen Egunaren karira ekitaldi bereziak egingo dira bertan. Etzi, azaroaren 30ean, Kukai Dantza konpainia Engis herriko Centre Culturel gunean ariko da, “Sorbatza” eta “Gelajauziak” lanak dantzatuz. Etzidamu, igandean, “Komunikazioa- Inkomunikazioa” ikuskizuna aurkeztuko du Centre Culturel des Riches-Claires antzokian, Mikel Laboa kantariaren musikan oinarrituta.
Abenduaren 3an, aldiz, Aurelia Arkotxa idazle eta euskaltzaina izango da protagonista Bruselako "Fenêtre Ouverte" jaialdian eta zuzenean streaming bidez zabalduko den euskal literaturari buruzko hitzaldia emango du Point Culture gunean.
Boisetik Bordelera
AEBetan ere oihartzuna izango du Euskararen Egunak eta Boisen, esaterako, hainbat eguneko egitaraua osatu du Basque Museum & Cultural Center-ek. Igandean, abenduaren 1ean, Gabon Kantak abestera aterako dira Boiseko euskaldunak, Bihotzetik Basque Choir abesbatzako kideekin batera. Abenduaren 2an, astelehenean, Boise State Unibertsitatean euskarari buruzko hiru dokumental izango dira ikusgai, ingeles azpitituluekin. Eta jaiak astean zehar jarraituko du: Lehen Osteguna, Amuma Says No taldearen kontzertua, larunbateko merkatua eta Negu Emankizunak. Beste ekitaldiei buruzko informazioa, museoaren webgunean.
Abenduaren 3an, Euskararen Egunean bertan, Bordeleko Euskal Etxean, Frantzian, hitzaldia eskainiko du Hasier Etxeberria idazle eta kazetariak. Etxeberria ETBko "Sautrela" literatura saioaren zuzendaria izan da azken hamar urteetan eta egun euskara eta euskal historia eta kulturari buruzko dokumentalak egiten dihardu. Hitzaldiaren baitan horietako bat izango da ikusgai: "Euskararen jatorria: enigma europar bat". Informazio gehiago, Bordeleko euskal etxearen webgunean.
Abenduaren 3an ere Valentziako Euskaltzaleok elkarteak Euskararen festa ospatuko du, "Gartxot" animazio luzemetraiaren emanaldi batekin. Ekitaldia Valentziako Unibertsitateko Filologia Fakultatean egingo da eta filma euskaraz emango da, katalanera azpititulatuta.
[Horiek dira egunotan munduan zehar egingo diren ekitaldietako batzuk. Besteen berri izateko jarraitu gure Agenda, hitzordu berriak geurera heldu ahala bertan argitaratuko baititugu]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus