euskal diaspora eta kultura
2008/12/02
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Etzi, abenduaren 3an, ospatuko da ofizialki Euskararen Nazioarteko Eguna, eta Diasporan euskal etxea askok bat egingo dute ekimenarekin, euskararen aldeko aldarrikapen hau munduko herrialde desberdinetaraino hedatuz. Kultura eta gizarte ekimen ugari antolatu dituzte euskal etxeek, eta askok euskara ikasten ari direnei omenaldi berezia egingo diete, beraiek baitira munduan zehar euskara bizirik mantentzen ari direnak.
Madrileko Euskal Etxean adibidez, ekimenak euskaltegiko ikasleentzat antolatu dituzte bereziki, 'baina parte hartu nahi duen edonor gonbidatuta dago' ere, elkarteko arduradunak agertu dutenez. Jaia asteazkenean bertan hasiko da, euskarazko laburmetraien emanaldi batekin (19:00tan hasita). Ondoren euskal dantza eta txalaparta lantegiak eskainiko dituzte. Hurrengo egunean beste laburmetrai sorta bat izango da ikusgai eta jaia borobiltzeko Sukalde txokoan afaria egingo dute euskaltegiko ikasleek.
Zinea, kasu honetan ere euskal laburmetraiak, izango da Mar del Platan, Argentinan egingo diren ospakizunen ardatza. Artaburu Euskaltzale Elkarteak antolatuta euskal laburmetrai emanaldia egingo da etzi eta ostegunean. Etzi Kimuak programako laburmetraiak Diagonal antzokian eskainiko dituzte, 19:30tan hasita. Ostegunean, sorta berri bat izango da ikusgai Euskal Etxean, Moreno 3440 helbidean.
Andrés de Irujori omenaldia Buenos Aires-en
Argentinan ere, baina kasu honetan Buenos Aires-en, Euskaltzaleak elkarteak Euskararen Aste bat ospatuko du, asteazkenean hasita. Eguna Andres de Irujori omenaldia izango da eta jokoak, mintzaldiak, dantza erakustaldiak eta besta antolatu dituzte. Mintzaldiarekin hasiko da eguna, 19:30tan, eta María Elena Etcheverry de Irujo, Andres de Irujoren alarguna, izango da hizlari. Ondoren euskara taldeak euskaraz eta gazteleraz egingo den jokoa prestatu du, galderen bitartez partehartzaileek jai honi buruzko datu berriak ikasteko aukera izan dezaten.
Azkenik, eta Andrés de Irujo euskaltzalearen omenez, Euskaltzaleakeko dantza taldeak Ekin izena hartuko du ofizialki, Irujok Buenos Airesen sortu zuen argitaletxe ezaguna gogoratuz. Eta eguna giro ezinhobean bukatzeko, Mexiko 1880ko egoitzara urbiltzen direnek 'taberna vasca' edo euskal erromeria batean parte hartzeko aukera izango dute.
Euskaltzaleakekoek larunbateraino atzeratuko dute jai nagusia, elkarteko kide ahal bezain beste bildu nahian. Elkartearen jai klasikoa bihurtu da hau eta urtero kide eta lagun asko biltzen dira bertara. Egitaraua 20.30tan jarriko da abian eta besteak beste abesbatzak, antzerki taldea, dantza taldea, ikasleak, lagunak eta senitartekoek parte hartuko dute.
Ondoren, Euskararen Jaiak Argentinatik munduko beste aldera egingo du salto, Australiara, izan ere Sydney hiriko euskaldunek igandean, abenduaren 7an, ospatuko dute, euskal etxearen egoitzan egingo den ekitaldiarekin.
Euskararen Eguna dela eta heldu zaizkigun hitzorduetako gutxi batzuk baino ez dira. Datozen egunetan, heldu ahala, besteen berri ere emango dugu.
Kaixo, interesgarria ematen dit bloga, horrexegatik esteka jarri dut nirean. Nik kultura, olerki,filosofia eta psikologiari buruzko artikuloak idazten ditut; gonbidatuta zaudete irakurtzera Agurrak Unai www.blogari.net/unaimakua
unai makua, 2008/12/02 15:43
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus