euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Eguneko festa mundiala da: Euskal Herria, Berlin, Leipzig, Reno, Salto, Valentzia, Bartzelona, Santiago...

2013/12/03

Txileko Santiagotik Colectividad Vasca elkarteak euskara urte osoan erabili beharreko altxorra dela gogorarazten digute (argazkia Santiago Colectividad Vasca)
Txileko Santiagotik Colectividad Vasca elkarteak euskara urte osoan erabili beharreko altxorra dela gogorarazten digute (argazkia Santiago Colectividad Vasca)

PUBLIZITATEA

Gaur, abenduaren 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dute euskaldunek, bai Euskal Herrian eta baita munduan zehar ere, Diasporako komunitateari esker. "Mundiala" leloa aukeratu du aurten Eusko Jaurlaritzak egun honetarako, eta zinez, gure hizkuntza aparta eta zoragarria izateaz gain, nazioartekoa ere badela erakusten ari dira egunotan euskaldunak, hainbat jai eta ekitaldi antolatuz. Jarraian, munduan zehar osteratxoa euskal etxeetako eta Euskal Herriko ekimenei segika: Berlin, Leipzig, Santiago, Salto, Reno, Valencia, Bartzelona, Madril...

Donostia-San Sebastián. Gaur ospatzen da munduan zehar --edo behintzat euskaldun bat dagoen edonon-- Euskararen Nazioarteko Eguna, Eusko Ikaskuntzak 1948an abian jarri zuen festa. Harrezkero euskal hizkuntzaren urteroko jaia bilakatu da egun hau eta euskal etxeetan eta Diasporan oihartzun handia eskuratu du.

Halatan, munduko euskal etxe askok ospakizunak egingo dituzte gaur eta datozen egunetan. Batzuen berri eman genuen iragan astean, eta gaur, honekin batera argitara eman dugun artikuluan Argentinako euskal elkarteen egingo dituztenen berri eman dugu (makina bat baitira). Jarraian, horiek guztiak osatzeko Euskal Herrian eta Diasporan gaurtik aurrera egingo diren beste zenbait ekitaldi bilduko ditugu.

Euskal Herrian

"Mundiala" leloa aukeratu du Eusko Jaurlaritzak festa ospatzeko, eta euskara "elkarbizitzarako zubia" dela azpimarratu du Hezkuntza Sailak adierazpen ofizialean. Horrekin batera,  #mundiala izeneko kanpainaren baitan, munduan zehar sakalbanatuta dauden euskaldunen mapamundia osatuko da, Twitter baliatuz. Euskara sare sozial honetan erabiltzen diren 35 hizkuntzetako bat da eta egunotan #mundiala hashtag-arekin bidaltzen diren mezu guztiak bilduko ditu kanpainak eta horiek bildatzen dituztenen kokalekua mapamundian geolokalizatuko du. 

Era berean, Euskararen Eguneko ekitaldi ofiziala egingo da gaur Lehendakaritzan eta bertan Euskaltzaindiako buru izan zen Jean Haritschelhar omenduko dute.

Bizkaian eta Gipuzkoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak, UPV/EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Gaztezulo aldizkariak elkarturik "Ika Mizka" gazte topaketa egingo dute Irungo MU-ren Enpresaritza Fakultatean, gazteek euskara nola bizi duten aztertzeko. 

Bilbon, aldiz, Bizkaiko Foru Aldundiak atzo banatu zituen Lauaxeta sariak, Bizkaian euskararen alde lan egiten dutenei errekonozimendua. Balendin Lasuenek jaso zuen Ohorezko Lauaxeta Saria 2013, , Lauaxeta Poesia saria Ricardo Arregi Díaz de Herediak hartu zuen, Bitan esan beharra lanagatik, eta Ikusentzunezko Lauaxeta saria Jabi Elortegi zuzendariarentzat izan zen, Galerna, ekaitz ezezaguna dokumentalagatik.

Diasporan izan direnak

Diasporatik gaurko eta datozen eguneratako deialdiak heldu zaizkigu eta baita ere dagoeneko ospatu diren ekitaldietako zenbait argazki eta bideoak. Esaterako, Txileko Santiagon iragan asteburuan egin zuen Euskararen Eguneko jaia Colectividad Vasca de Chile elkarteak, San Cristobal mendiko Euskaldunen Enparantzan.

Uruguaien, aldiz, Saltoko Euskaldunak elkarteak hiriko kaleetan arte eta kultura ekimena egin zuen eta euskaraz izendatu zituen hiriguneko kaleak eta guneak. Jarduera honen bideo bat argitaratu du taldeak bere blogean: Vascos en Salto.

Gaur eta datozen egunetan

Valentzian, Euskaltzaleok elkarteak gaur ospatuko du Euskararen Eguna eta horretarako "Gartxot" animazio filmaren emanaldia antolatu du Valentziako Unibertsitateko Filologia Fakultatean. Luzemetraia euskaraz eta katalan azpitituluekin izango da.

 

Bartzelonan Euskal Etxea Euskararen Astea ari da ospatzen eta egunotan hainbat ekitaldi berezi egingo ditu: euskarazko esaera zaharren lehiaketa, dokumental emanaldiak, Kepa Junkeraren kontzertua (abenduaren 5an) eta gehiago. Informazio osoa elkartearen blogean. Madrilen, Complutense Unibertsitateko Euskara Sailak deituta afaria egin zuten atzo hainbat euskaltzalek, eta gaur Euskal Etxean Nafarren bazkaria (San Frantzisko Xabierren eguna ere delako) eta 3. Argazki Lehiaketaren sari banaketa egingo dira.

AEBetan Reno-Nevadako Center for Basque Studies-ek itzulpengintza lantegia antolatu gaur, euskaratik ingelesera eta alderantziz, eta ondoren "A bite of Basque America" izeneko gastronomia dastaketa egingo da (Basque Conference Room, 16:30).

Alemanian Berlingo Euskal Etxean jarduera egitarau zabala antolatu du egun hauetarako, etzi hasita, Napoka Iria eta Gari kantariaren kontzertu batekin (ikus programa osoa beheko kartelean). Leipzig-en euskara irakurlehgoak antolatuta zenbait jarduera egingo dira. Gaur, HABEko Kinku Zinkunegi teknikariak euskal hizkuntz politikari buruzko hitzaldia emango du eta abenduaren 17an Angel Erro poetak "Miss Pelotaris favoritoak" queer poesia irakurraldia egingo du Horns Erben tabernan.

Berlin Euskal Etxea Euskararen Eguna 2013

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia