euskal diaspora eta kultura
2011/12/01
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Munduko bazter batetik bestera hasiko dira egunotan euskal etxeak Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunak egiten. Eusko Ikaskuntzak sortu zuen jaia 1949an, eta harrez gero Euskal Herrian, eta batez ere Diasporan, zinez sustraitu da. Madrilen eta Bartzelonan ospakizunak gaur bertan hasiko dira, nahiz eta jaia berez, abenduaren 3an izan.
Madrilen Euskal Etxeak gaurko antolatu duen jaiak gonbidatu bereziak izango ditu: Lurdes Auzmendi, Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea, eta HABEko buruak. Euskarari buruzko solasaldi bat emango dute Pello Aramburu aretoan eta ondoren bertso-afaria egingo da, Julen Zelaieta eta Unai Gaztelumendi bertsolariekin. Bartzelonan, Euskal Etxeko euskara ikasleek ere afaria antolatu dute.
Argentinako Cordoba hirian, berriz, ospakizunak joan den larunbatean hasi ziren, bertako Txotx dantza taldeak 'Hegan!-¡Volando!' ikuskizuna eman zuelarik, atzo asteazkenez segitzeko hiriko Gerora Euskal Kultur Elkartearen eskutik Gernika Plazatxoan aurkeztutako 'Zirt-Zart' emanaldiarekin, partaide zirela dantza (Txotx), abesbatza (Hitza) eta musika (baietz), guztia 'Cordobako Euskararen Astea'ren bigarren edizioaren baitan.
Bihar, abenduaren 2a, jairako giroa berotzen hasiko dira Euskal Herrian, Donostiako Atano frontoian euskarari atxikimendua adieraziz egingo den pilota jaialdiarekin. Xala-Laskurain eta Barriola-Oinatz Bengoetxea bikoteak izango dira aurrez aurre, Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak antolatu duen ekitaldian. ETB1-ek emango du partida.
Egun berean, baina munduko beste puntan, Txileko Valparaisoko Euskal Etxean elkarteko gazteek Euskararen Eguna ospatzeko afaria egingo dute. Eta Italiako ekitaldi ugariez hemen eman genuen berri duela egun batzuk.
Euskararen Astea Mar del Platan
Argentinako Mar del Platan Euskararen Eguneko ospakizunak aste osoan zehar luzatu dira, aurreko urteetan egin bezala, elkarteko euskara taldeari esker. Bihar egingo diren ekitaldien artean honakoak daude: “Kutsidazu bidea Isabel” filmaren emanaldia eta mus eta 'canasta' partidak, 'Euskararen Astea' saria jokoan.
Euskararen Aste mardelplatatarra larunbatean bukatuko da, San Martin Plazako Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean egingo den lore eskaintza eta ekitaldi ofizialarekin eta ondoko afari handiarekin. Bertaratzen direnen artean Artaburu Euskaltzale Elkarteak urtero argitaratzen duen "Euskara Denontzat" aldizkariaren aleak banatuko ditu.
Montevideotik Chascomusera
Uruguain, Montevideoko Euskal Erria elkarteak ere bihar ospatuko du Euskararen Eguna eta euskara ikastaroetan aritu diren ikasleen artean agiriak banatuko ditu. Horrez gain, elkarteak harrera egingo die Guadalajarako Pilota Joko Panamerikarretan zilarrezko domina eskuratu berri duten pilotariei.
Larunbatean, abenduaren 3an, ospakizunek goiena joko dute. Buenos Airesen, Euskaltzaleak elkarteak jai handia egingo du Independencia 1722ko egoitzan. Elkarteko koruak kantatuko du eta “Teila bat Argentinako euskararentzat /Una teja para el euskera de Argentina” kanpaina aldarrikatuko dute, euren webgune berria aurkeztuko dute eta lagunarteko afari baten ostean ikasleek kurtsoan zehar egindako lanen aurkezpena egingo dute.
Argentinan ere, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak elkartean euskal literaturari buruzko gaua egingo da eta Carlos Irisarrik 'Curso de lengua vasca' liburua aurkeztuko du. San Nicolasen euskal etxeak jaia antolatu du, eta partehartzaileen artean, euskara ikasleez gain, bertan izango dira Errekatarrak koruko kantariak eta Paranako Urrundik elkarteko dantza taldea. Cordobako Rio Cuarton, Gure Ametza elkarteko gazteria atalak kontzertua antolatu du, Cosa de Duendes eta Baietz taldeekin.
Mexiko, New York, Quebec, Sydney...
Mexikon DFko Euskal Etxean jai handia egingo da --Etxepare Institutuaren eskutik nazioartean egingo den hitzordu nagusia-- eta bertan izango dira Euskal Herriko zenbait gonbidatu, tartean Anjel Lertxundi idazlea; Aizpea Goeneaga, Etxepare Institutuaren zuzendaria eta Mari Jose Olaziregi, erakunde bereko Euskararen Sustapenerako zuzendaria, guztia Lourdes Arrechea Mexikoko Euskal Etxeko lehendakaria lagun eta bertako euskal komunitateko kideekin batera. Jaiaren egitarau zabalean Xabi eta Fredi Paya bertsolarien saioa, Ugarte txalapartarien kontzertua, bazkaria, "Goenkale" telesailari omenaldia, jokoak eta Alejandro Quijano sortzaile mexikarraren erakusketa izango dira.
New Yorken Eusko Etxeak antolatu duen jaia Lauaxeta eta Lizardiren poesien irakurraldiarekin hasiko da eta ondoren Korrikari buruzko dokumental bat izango da ikusgai. Eguna bukatzeko gabon kanta tailerra egingo da, Aitzol Azurtzak gidatuta. Londresen London Basque Society elkarteak ere larunbaterako deitu du jaia. Boisen, Idahon, Euskararen Eguneko festa egingo dute Basque Museum-en (Grove Street), arratsaldeko seietatik aurrera. Denetarik izango da: euskal poteoa, marrazki bizidunak haurrentzat, euskarazko mini-ikastaroa, hitzaldia, pintxo eta talo dastaketa, dantzaldia Txantxangorriak taldearekin eta euskal karaokea, besteak beste!
Montrealen Quebeceko Euskaldunak elkarteak larunbatean hasi eta abenduak 11 arte luzatuko den ekimena antolatu du. Larunbatean jaia bazkari batekin eta Xumai Murua bertsolariaren harrerarekin hasiko da. Abenduaren 7an bertsolaritza tailer bat egingo da elkartean eta abenduaren 9an bertsolaritzari buruzko hitzaldia emango du Muruak. Abenduaren 11an Gabonetako bertso-bazkari batekin bukatuko da Euskararen Eguneko egitaraua.
Eta orain artean gure erredakziora iritsitako oharren artean, Australian Sydneyko Gure Txoko elkarteak igandean, abenduaren 4ean, egingo duen ospakizunarena azpimarratuko dugu azkenik. Euskararen Eguneko bazkaria egingo dute Sydneyko euskaldunek, eta elkarteko arduradunek azaldu digutenez, dagoeneko ehun lagundik gora eman dute izena. Bazkalostean euskara ikasleek eskoletan ikasitako euskal kantuak abestuko dituzte.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus