euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Eguna ospatuko dute datorren astelehenean Alemanian, Bremen-go Hizkuntzen Jaialdian

2009/10/02

Jaialdiaren aurtengo edizioak erabili duen irudia
Jaialdiaren aurtengo edizioak erabili duen irudia

PUBLIZITATEA

Euskal egitarau aberatsa heldu den astelehenean Bremen-en: Euskararen inguruko hitzaldiak irakasle alemanek emanik, Jabi Elortegi zuzendariaren 'Zorion Perfektua' filmaren estreinu alemaniarra eta ondoren mahai-ingurua bat partaide gisa zuzendaria bera, Anjel Lertxundi idazlea eta Jaurlaritzako Euskararen Sustapenerako zuzendari den Lourdes Auzmendi, eta horrekin batera Frankfurt-eko 'Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxe'ko Euskara eta Euskal Kultura lektore den Mercedes Perez-en sarrera ikastarotxo bat euskararen gainean... honelako zenbait ekimenek osatzen dute datorren astelehenean Bremengo 'Hizkuntzen Jaialdia'k euskarari eskainiko dion eguna. Hori guztia Jaialdiaren aurtengo eslogana burutik kendu gabe: 'Language is fun, Language is culture, Language is society, Language is life' (hizkuntza ongi pasatzea da, hizkuntza kultura da, hizkuntza gizartea da, hizkuntza bizitza da).

Bremen, Alemania. Datorren astelehenean, urriaren 5ean, Euskararen Eguna ospatuko dute hizkuntza handi zein txikiak eta euren testuinguru eta egoera sozio-kulturala jendaurreratzeko sortu zen elkarretaratze honetan. Bremengo Hizkuntzen Jaialdira bertaratutako hizkuntzetako bakoitzak bere egun propioa dauka egitarauan, eta hau euskararen kasuan heldu den astelehenean gauzatuko da, egitarau interesgarri bat medio, sarrera libre. Jaialdiaren aurtengo edizioa asteazkenean, urriaren 7an bukatuko da, ateak joan den irailaren 17an zabaldu ostean.

Bertarako euskal partaidetza Bremengo Stolz irakasleak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eginiko gonbidapena tarteko aitzinarazi da. Euskarari eskainitako eguna, beraz, Graz Unibertsitateko Hurch irakasleak --bere aurrekarietakoa izan zen Austriako Schuchhardt irakaslearen tradizio ildokoa bera-- emango duen euskal hizkuntzari buruzko aurkezpen hitzaldi batek abiatuko du. Ondotik, Frankfurt-eko Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeko Euskara eta Euskal Kultura lektore den Mercedes Perez-ek ordu beteko 'ikastarotxoa' emango du euskarari buruz baita ere. Alemanian euskararen inguruan alor akademikoan zein zabalkunde mailakoan lan azpimarragarria egiten duen elkartea da Frankfurt-eko Goethe Unibertsitatean egoitza duen 'Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxea'.

'Zorion Perfektua'ren estreinua eta mahai-ingurua

Arratsaldeari dagokionez, ordubi t'erdietan euskaraz errodatu zen Jabi Elortegi zuzendariaren Zorion Perfektua filma eskainiko da bere jatorrizko bertsioan, azpitituluak ingelesez. Jarraian mahai-inguru bati ekingo zaio, partaide iragarri direla Jabi Elortegi zuzendaria bera, Anjel Lertxundi idazlea --filma Zorion Perfektua bere nobelan oinarritutako lana baita-- eta Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskara Sustatzeko zuzendaria. Moderatzaile, Martin Petrus arituko da, Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeko koordinatzailea.

Gaiak, mahai-ingurukoak zein egunean zehar plazaratuko direnak, euskararen izaera eta egoeraren inguruan mugituko dira, bere egoera zehatza zinearen alorrean, literaturan eta mintzatua den lurraldeetan bizi duen egoera soziolinguistikoa. Eguneko ekitaldi guztietarako sarrera eta partaidetza librea da eta urririk. Jaialdia, oro har, Bremengo Unibertsitatean gauzatzen da, nahiz eta bertako Udaletxea eta Merkatu Plazan kokatzen den Rolanden estatua Gizateriako kultur ondasun gisa onetsiak dituen hiri honetako beste ikasketxe batzuetara ere zabaltzen dituen bere ekitaldietako batzuk.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia