euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Eguna, kurtso amaiera, erakusketak, Olentzero-eta Mar del Platako Euskararen Astearen baitan

2010/11/30

Artxiboko irudi batean, Euskararen Astea zela-eta 2005ean programaren barnean Euskal Etxean antolatutako saioetako bat, esan nahi baita euskara eta maputxe hizkuntzaren egoerari buruzko hitzaldia
Artxiboko irudi batean, Euskararen Astea zela-eta 2005ean programaren barnean Euskal Etxean antolatutako saioetako bat, esan nahi baita euskara eta maputxe hizkuntzaren egoerari buruzko hitzaldia

PUBLIZITATEA

Mar del Platako Euskal Etxe barneko 'Artaburu Euskaltzale Elkarteak' antolaturik, ostegun honetan ekingo zaio Buenos Aires probintzia kostaldeko hiri honetan 2010eko Euskararen Asteari, urtero abenduaren 3aren inguruan hartutako ohiturari jarraiki. Ostiralean ENE edo Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeaz gain, programak erakusketak, proiekzioak, lore eskaintzak, Olentzeroren etorrera eta Urte Amaiera festa baitaratzen ditu, ekitaldi horetako batzuetan Mar del Platako 'Euskara Denontzat' urtekaria banatuko delarik joaileen artean.

Mar del Plata, Argentina. Azaroaren hasieran hirian bertan eta Denak Bat-ek berak antolaturik egindako 2010eko Euskal Aste Nazionalaren haize arrakastatsuak oraindik erabat aldegin gabe, urtero eta nazioarte mailan egindako deiari erantzunez Mar del Platan antolatzen den Euskararen Astearen txanda heldu da Denak Bat euskal etxera. Euskara gaiez arduratzen den euskal etxe barneko 'Artaburu Euskaltzale Elkarteak' antolaturik, sasoin honetan bateratzen diren ospakizunek bat egin ohi dute aste honetan, eta karia horretara bildu dira egitaraura kurtso amaiera, erakusketak, urte amaierako afaria, Olentzeroren etorrera eta beste zenbait ekimen. Hona programa:

Osteguna, abenduaren 2an

-19:00etatik 21:00etara: Argazki erakusketa 'Euskal Herriko baserriak' izenpean eta Euskal Arkitekturari buruzko material bibliografiko erakusketa. Non: Euskal Etxeko Ekitaldi Aretoan

Ostirala, abenduaren 3an, Euskararen Eguna

-13:00etan: Lore eskaintza eta Hitzak Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta. Non: Gernikako Arbolaren kimuan, San Martin plazan
-19:00etatik 21:00etara: Argazki erakusketa 'Euskal Herriko baserriak' izenpean eta Euskal Arkitekturari buruzko material bibliografiko erakusketa. Non: Euskal Etxeko Ekitaldi Aretoan
-20:30etan: Euskal laburmetrai emanaldia, Kimuak saila. Non: Jose Ariztimuño Liburutegia, Euskal Etxeko lehenengo solairuan

Larunbata, abenduaren 4ean

-21:30etan; Urte Amaiera eta Euskara Afari Handia. Dantzak, Olentzeroren etorrera eta kantuak. Non: Euskal Etxean

Larunbat gaueko afarirako txartelak Euskal Etxeko Idazkaritzan lor daitezke. Asteko ekitaldietako batzuetan 'Euskara Denontzat' aldizkaria banatuko da, 'Artaburu Euskaltzale Elkarteak' urtero egun honetarako argitaratzen duen urtekaria

-Webgunea: www.denakbat.org.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia