Burlata, Nafarroa. Abenduaren 3a da gaur, 'Euskararen Nazioarteko Eguna' (ENE) eta Burlatako Kultura Etxeko Erakusketa Aretoan ateak zabalduko ditu "Palabras para empezar a amar el euskera-Euskara maitatzen hasteko hitzak" izenpeko erakusketak, liburu batean oinarrituta, 'Pequeño diccionario sentimental' (Hiztegi sentimental txikia) (Pamiela, 2020). Liburu eta erakusketa interesgarri eta maitagarriak iruditu zaizkigu eta euren erreferentzia eta gonbidapena hona ekartzea erabaki dugu.
Regina eta Leticia Salcedori zor dizkiegu testuak eta Liébana Goñi Yárnozi ilustrazio ederrak. "Euskara maitatzen hasteko" 57 hitzaren inguruko istorio eta bitxikeriak biltzen ditu. Izan ere, egileek euskal kulturako pertsonaia garrantzitsuak gonbidatu dituzte gogokoen duten euskal hitza hautatu eta haren inguruan gogoeta pertsonala egitera.
Regina Salcedo eta Leticia Salcedoren testua eta Liébana Goñi Yárnozen irudiak dituen liburua
Erakusketa Nafarroako Udal Euskara Zerbitzuen eskutik jaio da, euskara herritar erdaldunengana hurbiltzeko asmoz.
Zer harreman dute euskara eta euskal kulturan trikuak sagarrekin? Eta labezomorroak iratxoekin eta labeekin? Nondik dator sukaldaritza alorrean gaztelaniaz 'al pil pil' esamolde ezaguna? Eta euskaraz izan arren bertako gaztelaniaz erabiltzen den 'ttipi-ttapa'?
'Ama', 'bizipoza', 'goxatu', 'kuku' edo 'xarma' dira Leire Salaberria ilustratzaileak, Patxi Irurzun idazleak, Iñaki Perurena harrijosotzaile eta idazleak, Hasier Larretxea idazleak eta Bernardo Atxagak, beste hainbat lagunen artean, libururatzeko hurrenez hurren aukeratu eta azaldu dituzten euskarazko hitz gogokoenak.
Liburuaren inspirazioa Leticia Salcedori zor zaio, Bartzelonan euskarari buruzko klase bat eman behar izan zienean euskara ezagutzen ez zuten pertsonei, bitxikeriak eta hitz batzuen jatorria kontatuz egin baitzuen: "izugarri gogoko izan zuten”. Bere ahizpa, Regina Salcedo poetarekin batera, Liébana Goñi Yárnoz artista bildu zuten proiektura. Eta azken honek adierazten duenez, "ematen zizkidaten testuak hain ziren iradokigarriak irudiak erraz, berehala zetozkidala".
Ilustrazioetan natura oso presente dagoela gaineratzen du: "Horrela behar zuen izan, euskarak eta, oro har, gure kulturak harreman oso estua baitute».
Regina Salcedok argi dauka honakoa “hizkuntza baten aberastasunaz jabetzeko” modu ederra dela.
Erakusketa zabalik egongo da abenduaren 6tik 19ra eta bere inguruan zenbait ekintza osagarri egingo dira.
-Liburuaren izenburua: Pequeño diccionario sentimental
-Testua: Regina eta Leticia Salcedo.
-Ilustrazioak: Liébana Goñi Yárnoz.
-Argitaratzailea: Pamiela, 2020.