euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Eguna Europa eta Ameriketan barrena ere zabaldu zen: Madril, Valentzia, Leipzig, Frankfurt, Santa Barbara...

2016/12/19

Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateko ikasleak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen (argazkia Iker Arranz)
Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateko ikasleak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen (argazkia Iker Arranz)

PUBLIZITATEA

Aurten ere Euskararen Nazioarteko Egunak makina bat irudi utzi dizkigu, munduan barrena euren hizkuntzaren eguna ospatzeko bildu ziren euskaltzale eta euskal komunitateek argitaratutako argazkien bidez. Jarraian Europan eta Ameriketan barrena egin diren ekitaldietako batzuk bildu ditugu: Madril, Valentzia, Leipzig, Berlin eta Santa Barbara, AEBetan, esaterako. 

Donostia-San Sebastián. Munduko euskal etxeek eta Etxepare Euskal Institutuak munduan barrena dituen irakurletzek aurten ere ospatu dute Euskararen Nazioarteko Eguna eta jarraian Europan eta Ameriketan egin diren ekitaldien irudiak eta bideoak bildu ditugu. 

Madril eta Valentzia

Madrilgo Euskal Etxeak, esaterako bertso afaria egin zuen Euskararen Eguna ospatzeko, eta bertan kantari aritu ziren euskal etxeko bertsolariak: Aratz Beranoaguirre eta Koldo Muñiz. Era berean, egun honetan elkarteak lehendanbiziko Euskal Gobernuaren 80. urteurrena ospatu zuen, eta Sustrai Dantza taldeak emanaldi berezi bat egin zuen Madrilgo kaleetan. Euskal Etxeak bi bideo argitaratu zituen bere Facebook orrian, abenduaren 4n.

Valentziako Euskaltzaleok elkarteak ere abenduaren 3an ospatu zuen Euskararen Nazioarteko Eguna eta Pilar Plaza bilduta, dantza ikastaroak, aldarrikapenak festa giroan eta hamaiketako herritarra egin zuten elkarteko kideek, valentziarren partaidetzarekin gainera. 

Alemanian

Alemanian ekintza dezente egin dira, aurten, Berlingo Euskal Etxeak eta Etxepare Institutuko Leipzig eta Frankfurteko unibertsitateetako irakurletzek antolatuta. Ekitaldi hauek Etxepare Institutuaren sustapena eta Olaso Dorrea Fundazioaren laguntza izan dute. Hasteko, azaroaren 29an Ingo Niebel adituak "Gernika und die Deutschen" hitzaldia eman zuen Leipzigen, 40 ikasletik gora bildu zirelarik. Frankfurten, egun berean eta biharamunean, Maider Oleagaren "Iragan gunea Berlin" eta Hannot Mintegiaren "Markak. Gernika" filmak izan ziren ikusgai Goethe unibertsitateko Bockenheim Canpusean.

Abenduaren 3an, Rikardo Arregi idazlea Berlinen izan zen eta irakurraldia egin zuen Lichtblick Kino zineman, euskaraz eta alemanez, Euskal Etxeak antolatutako ekitaldian. 

Bestalde, abenduaren 6an Gasteizko Letren Fakultateko ikasle talde batek bisita egin zuen Leipzigeko unibertsitatera. Han Leipzigeko euskara ikasleak eta Gasteizko itzulpengintza ikasleak mintzapraktika egiten aritu ziren. Ondoren, Maider Oleagak zuzenduriko "Iragan gunea: Berlin" filmaren emanaldia egin zen. 

Amaitzeko, abenduaren 7an Rikardo Arregik "Gorriones, trenes y autobuses: Lizardi en Debe decirse dos veces de Rikardo Arregi" hitzaldia eskaini zuen. Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendariak aurkeztu zuen ekitaldia eta Rikardo Arregik euskaraz eta gaztelaniaz egin zuen hitzaldia.

Erroma eta Bologna

Euskararen Eguna Italiara ere heldu zen. Batetik, Associazione Culturale Euskarak Euskal Astea antolatu zuen, urtero legez. Aste osoan luzatu ziren ekitaldien artean, besteak beste, Euskanta 2016 egitasmoko kantuak aurkeztu ziren, eta euskara ikasleekin batera mintzapraktika egin zen. Gero Errebal taldearekin erromeria egin zen.

Bestalde, Bolognako Unibertsitatean Etxepare Institutuaren Euskara irakurletzak hainbat jarduera antolatu zitiuen. Abenduaren 1ean Mariasun Landa idazlea eta Roberta Gozzi itzultzaileak hitzaldia eman zuten eta larunbatean, berriz, hiriaren erdigunean, zonalde unibertsitarioaren bihotza den Verdi Plazan, eguerdiko 12tan euskararen aldeko brindisa egiteko hogei lagun inguru elkartu ziren. Argazkiak, hemen

Santa Barbara

AEBetan ere egin ziren jarduerak, esaterako Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitean. Han, "Basque Studies" kurtsoko ikasleek aurkezpenak egin zituzte, hainbat euskal gaien inguruan, batzuk beraiek proposatuak. Honez gain Martixu Etcheverri (Basque Studies kurtsoko ikaslea bera) eta Rachelle Echeverriak dantza emanaldia eskaini zuten. "Biak dira Bakersfield-ekoak, bertako Euskal Diasporako komunitatekoak. Ondoren, ikasle eta ikusle danak dantzatzera gonbidatu genituen eta oso giro onean ibili ziren danak dantzan", esan dio EuskalKultura-com-i Iker Arranz irakasleak.

Viola Migliok, Unibertsitateko Barandiaran Chair-a den irakasleak, Reno-ko Xabier Irujorekin batera egin duen euskaldunei buruzko liburua aurkeztu zuen. Horrez gain, Kaliforniako Unibertsitatean Euskal Klub-a sortzeko egitasmoa aurkeztu zen. Jarduerak bazkari batekin amaitu ziren, eta antolatzaileen esantean, guztira 120 bat pertsona igaro ziren ekitaldietatik. 
 
Argazki gehiago, Basque Program UCSB.

Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia