euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Eguna egunero ospatzeko apustuarekin egin zuten jaia Boisen, New Yorken eta Montrealen

2011/12/13

Boiseko Txantxagorriak taldearen emanaldia Idahoko hiriburuko 2011ko Euskararen Nazioarteko Egunaren jaian (argazkia IKortazar)
Boiseko Txantxagorriak taldearen emanaldia Idahoko hiriburuko 2011ko Euskararen Nazioarteko Egunaren jaian (argazkia IKortazar)

PUBLIZITATEA

AEBetako eta Quebec-eko euskal komunitateek gogo biziz ospatu dute aurten ere Euskararen Eguna, Boisen, New Yorken eta Montrealen egindako ekitaldiekin. Gero eta gehiago dira herrialde hauetako euskal etxeetan euskara ikastean ari direnak eta, euskal etxeetako gainerako bazkideekin batera, euskara egun bakarrean ez ezik, egunero ospatzeko eta zaintzeko apustua egina dute. Jaia oso alaia izan zen hiru hiri hauetan: Boisen euskal karaokea egin zuten; New Yorken poesia irakurraldia eta euskal gabon kanta tailerra; eta Montrealen bertsolaritza lantegia.

Boise, AEB. North American Basque Organizations edo Ipar Amerikako Euskal Erakundeen Federazioko Euskara koordinatzailea da Izaskun Kortazar eta EuskalKultura.com-i iritzi dionez, Boisen eta Estatu Batuetan egin berri diren Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunak arrakastatsuak izan dira. Boisen, jaia Euskal Museoan eta Basque Block izenez ezaguna den plaza publikoan egin zen. Gune horretan dago Boiseko Euskal Etxea eta bertan zuten hitzordua Boiseko euskaltzaleek. Euskal etxetik atera eta Leku Ona tabernara joan zen talde polit bat, bertan 'poteo' moduan trago batzuk hartzeko; bitartean, umeak 'Olentzero' pelikula ikusten geratu ziren museoan.

Ondoren Txantxangorri talde boisetarrak kontzertua eskaini zuen eta jarraian John Bieter historialari boisetarrak 'Zergatik ikasi euskara' hitzaldia eman zuen, ingelesez. Gero, Nere Lete irakasleak euskara lantegi labur bat gidatu zuen eta bertaratu zirenek euskaraz esaldi batzuk ikasteko aukera izan zuten. Egunari behar bezalako bukaera emateko karaoke lehiaketa egin zen. Lehen saria Cody Beaudreaurentzat izan zen; bigarrena, Raimundo Uriarterentzat, eta, hirugarrena, Amaya Berriochoarentzat. Bikote onenari saria Megan Ottemanek eta Itxaso Cayerok eskuratu zuten.

Poesia New Yorken

Ekialdeko kostaldean, New Yorkeko Eusko Etxea elkarteak Lauaxeta eta Lizardiren olerkien irakurketa batekin ospatu zuen Euskararen Eguna. Ondoren AEK-ren Korrikari buruzko dokumentala izan zen ikusgai. Dokumental honetan lau euskara ikaslek euren esperientzia azaltzen dute.

Jaiaren bigarren partean Gabonetako Kanta tailerra egin zen, Aitzol Azurtzak gidatuta. Aitzol New Yorkeko Eusko Etxeko irakasle berria da eta aurtengoa elkartean egiten den lehendabiziko gabon-kanta tailerra izan da. Hurrengo larunbatean, abenduaren 17an, ikasitako kantak praktikatu ahal izango dituzte New Yorkeko euskaldunek, elkartearen Gabonetako jaian.

Bertsolaritza Montrealen

 

'Quebeceko Euskaldunak' euskal etxeak ere gogo biziz ospatu zuen Euskararen Nazioarteko Eguna eta Euskal Herritik Montrealera propio bidaiatu zen Xumai Murua bertsolaria elkartearen ekitaldietan parte hartzeko. Abenduaren 3an, Muruak gidatuta, euskal kanta herrikoien tailerra egin zuen elkarteak eta denen artean abestu zituzten gabon-kantak, letra itzuliz eta azalduz, ikasleek uler zezaten. Ondoren askaria egin zuten partehartzaileek.

Abenduaren 7an, joan den asteazkenean, beste ekitaldi bat egin zuen Quebeceko Euskaldunak-ek: Muruak emandako bertsolaritza klasea. Muruak bertsolaritzaren historia apur bat azaldu eta teknikari buruz hitz egin zuen eta klasea bukatzeko bertso batzuk bota zituen. Azkenik, herenegun, igandean, bazkari bat egin zen elkartean Euskararen Eguneko ospakizunei bukaera emateko.

Quebec-eko ospakizunen harira, agiantza honekin luzatzen du mezua Izaskun Kortazarrek: "Euskara Eguna egun bakar bat baino gehiagotan ospatu beharko genuko guk ere: Egunero!". 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia