euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen aste bat hasiko da uztailaren 1ean Leeuwarden-en 2018 Europako Kultur Hiriburuan, Holandako Frisian

2018/06/27

Xabi Paya eta Joxan Goikoetxea arituko dira Leeuwarden datorren igandetik aurrera euskara eta euskal kulturari eskainitako astean
Xabi Paya eta Joxan Goikoetxea arituko dira Leeuwarden datorren igandetik aurrera euskara eta euskal kulturari eskainitako astean

PUBLIZITATEA

Holandako Frisian kokaturik dagoen Leeuwarden hirian euskararen inguruko astea egingo da 2018ko Europako kultur hiriburua dela eta antolatu duten jarduera programa zabalaren baitan. Afuk (frisiera eta frisiar kultura sustatzen dituen erakundea), Euskaltzaleen Topagunea eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko elkarlanari esker uztailaren 1etik 8ra euskara izango da protagonista Language Pavilionen (Hizkuntzen Pabilioia). Egitasmoak Europako hizkuntza txikien aniztasuna erakutsi, hizkuntza horien arteko harremanak estutu eta hizkuntza aniztasunaz kontzientzia hartzea ditu helburu.

Donostia-San Sebastian. Etxepare Institutuak ohar batean plazaratu duenez, euskara ardatz hartuko duen astea datorren igandean hasiko da Leeuwarden. Language Pavilion hiri erdiguneko Prinsentuin parkean kokaturik dagoen egurrezko eraikina da. Publikoari irekita dagoen gune honetara hurbiltzen direnek Europako hizkuntza txikiekin harremantzeko aukera dute musika, antzerkia, poesia, irakurketak, hitzaldiak, aurkezpenak, gastronomia eta bestelako kultur adierazpideen bidez. Martxoa eta urria bitartean, astero, Europako hizkuntza txiki ezberdin bat da protagonista.

Holandako eskualdeetako hizkuntza eta dialektoen, eta gaelikoa eta sorbiera bezalako hizkuntzen ostean euskararen txanda izango da uztaileko lehenbiziko astean. Ahozko literatura, kantagintza tradizionala eta bertsolaritza izango ditu ardatz euskararen asteak, eta, besteak beste, hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak egingo dira Xabi Paya bertsolaria eta Joxan Goikoetxea musikariaren eskutik.

Igandean, uztailaren 1ean, hasiko da euskararen astea sorbiar kultura (aurreko asteko protagonista) eta euskal kulturaren arteko topaketarekin. Bi kultura horietan oinarritutako emanaldiak eskainiko dituzte egun horretan.

Uztailaren 4an, asteazkena, Language Café (Hizkuntzen Kafea) delakoa egingo da. Language Pavilionen astero burutzen duten jarduera honetan Xabi Paya eta Joxan Goikoetxeak euskal kantagintza tradizionalean oinarritutako kontzertua eskainiko dute.

Ekitaldi nagusia ostegunean izango da, uztailak 5, eta bi zati izango ditu. Lehenengo zatian Frisiako hainbat artistak bertako abestiak joko dituzte. Bigarren zatian, euskal artistek Bost hitz izeneko emanaldia eskainiko dute. Kontzertu honetan euskal kulturara leiho bat zabalduko dute, horretarako historia eta bost hitz konkretuk izan duten bilakaera baliatuz (arbola, trena, gerra, emakumea eta hizkuntza). Hitz hauen bidez publikoak Euskal Herriaren bilakaera ulertzeko parada izango du. Esaterako, “arbola” hitzak Gernikara bidaiatu eta hainbat gai jorratzeko aukera eskainiko du: foru sistema, Picassoren koadroan islatutako bonbardaketa… Hitz horrek berak Argentinara bidaiatzeko aukera eskainiko du, Pedro Mari Otañoren bertsoak aitzakia bezala hartuta. Izan ere, Rosarion, bere etxe aurrean zegoen onbuari (Argentina ipar- ekialdeko zuhaitz tipikoa) bertsoak jarri baitzizkion.

Ostiralean, uztailak 6, Xabi Paya eta Joxan Goikoetxeak bost jarduera labur eskainiko dituzte, bertsolaritza, kantagintza tradizionala eta ahozko literaturari lotuak denak. Lehenengo tailerrak lehen bertsoen grabaketa izango du hizpide, 1926an, eta euskal ahozko literaturaren analisirako material honek duen garrantzia azalduko du. Beste tailer batean Shakespearen soneto famatuak euskarara itzuli eta abesti garaikideen letra bilakatzeko egindako sormen prozesua landuko dute.

Frisiarrek bertsolaritzan duten interesa aintzat hartuaz eta Joxan Goikoetxearen esperientzian oinarrituz, bertsotarako melodiak nola sortu erakusteko tailerra ere egingo dute. Halaber, egun horretan Language Pavilionera hurbiltzen direnek bertsolaritzaren sekretuak ezagutzeko eta euren hizkuntzan bertso bat sortzeko aukera izango dute.

Azkenik, historian zehar bertsolari ezberdinek euren bertsoetan nazioaren ideia nola islatu duten azalduko dute beste tailer batean.

Egun horretan bertan, Donostia Kulturaren Beste Hitzak - Other Words egitasmoak ekitaldi bat antolatu du Language Pavilionen: "Visions of the Basque Country trough Frisian eyes (and words)". 

Euskararen asteak uztailaren 8an izango du amaiera. Egun horretan Man irlako gaelerari emango dio testigua. Ondorengo asteetan maltera, kornubiera, galegoa eta asturiarra ere pasako dira Language Pavilionetik, besteak beste.

Ekimenean lankide izan dira Afuk (frisiera eta frisiar kultura sustatzen dituen erakundea), Euskaltzaleen Topagunea eta Etxepare Euskal Institutua.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia