euskal diaspora eta kultura
2012/02/28
PUBLIZITATEA
San Frantzisko, AEB. Estatu Batuetako eta Kanadako euskaldunek hitzordua izan zuten otsailaren 17tik 19ra San Frantziskon, Basque Cultural Center elkartearen 30. urteurrena ospatzeko. Aldi berean, baina, lan egitarau zabala burutzeko baliatu zuten aukera; izan ere, bestaz gain NABO federazioaren urteko lehen Bilkura eta AEBetako euskara irakasleen mintegia ere egin zituzten.
Otsailaren 18an egin zen NABOren bilkura, eta bertara bildu ziren, besteak beste, AEBtako eta Kanadako ordezkariak, Benan Oregi, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako teknikaria, eta Kinku Zinkunegi, HABEren Euskara Munduan programaren arduraduna. Benan Oregik 5. Mundu-Biltzarraren ondorioak aipatu zituen eta Eusko Jaurlaritzak eta Boiseko estatuak otsailaren 20an sinatu zuten hitzarmenaren berri eman zuen.
Bileran euskarak tarte zabala izan zuen eta Izaskun Kortazar NABOren Euskara koordinatzaileak azken hilabeteetan egindakoaren berri eman eta hurrengo hilabeteetarako ekintzak aurkeztu zituen. Ondoren, Kinku Zinkunegi euskararen gaur egungo egoerari buruz eta Euskara Munduan programaren aurrera begirako erronkei buruz mintzatu zen. Bukatzeko, Martin Goikoetxeak, NABOko Euskara arduradunak, gogorarazi zuen ordezkariek euskal etxeetan euskara klaseak sustatzeko egiten duten behar beharrezko lana, guztien inplikazioaren premia azpimarratuz.
Irakasle topaketa
Asteburuan AEBtako euskara irakasleen topaketa ere egin zen, otsailaren 18an eta 19an hain zuzen. Mintegiaren zuzendari aritu ziren Izaskun Kortazar, Itxaso Cayero eta Kinku Zinkunegi eta hainbat irizpide eta teknika azaldu zizkieten euskal etxeetako irakasleei beren jarduna errazteko. "Hamar irakasle egon ginen guztira: Aitzol eta Imanol New Yorkekoak, Gorka Rhode Island-ekoa, Anita Elkokoa, Gloria Homedalekoa, Goisalde Mountain Home-ekoa, Itxaso eta ni neu Boisekoak, Unai Bakersfield-ekoa eta Aitor San Frantziskokoa", zehaztu dio EuskalKultura.com-i Kortazarrek.
[Irakasleek klasean egiteko jolasak eta ariketa praktikoak ikasi zituzten]
Ikastaroan, klasean erabiltzeko ariketa eta teknikak landu zituzten irakasleek eta esperientziak trukatzeko eta klaseetan izan dituzten arazoak komentatzeko baliatu zuten bilera. Boga online metodoa ere izan zuten hizpide eta HABEko Kinku Zinkunegik teknologia ondo erabiltzeari buruzko azalpenak eman zituen. "Ikastaroa oso ona izan zen eta irakasle berri guztiek elkar ezagutzeko eta haien klaseei buruzko hausnarketa egiteko aukera izan zuten", azaltzen du Izaskun Kortazarrek.
Aipagarria da azken hiru urteetan ikasle kopurua bikoiztu egin dela AEBtan, HABEko iturriek jakinarazi dutenez. "Gaur egun 333 heldu ari dira, 12 irakaslerekin eta beste 16 irakasle berri trebatzen. Hauek, on-line ikasten dute eta urtean behin barnetegi batean elkartzen dira. Aurten ekainaren 9tik 16ra izango da Boisen eta dagoeneko 2. urratsa egina dute", azaldu du Zinkunegik.
Eutsi horri! Ekin kemen! Agur beroa Aitzol irakasleari eta beste denei!
MariJoxe, 2012/02/28 12:18
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus