euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen alde lan handia egiten duen elkarteren bat ezagutzen duzu? Aurkez ezazu ENE sarira

2015/10/19

Berlingo Euskal Etxea irabazi zuen 2014ko ENE Saria. Irudian, Berlingo Euskal Etxea Korrika 17 ospatzen (argazkia Berlin EE)
Berlingo Euskal Etxea irabazi zuen 2014ko ENE Saria. Irudian, Berlingo Euskal Etxea Korrika 17 ospatzen (argazkia Berlin EE)

PUBLIZITATEA

ENE sarirako hautagaitzak bidaltzeko epea ireki du Eusko Ikaskuntzak eta azaroaren 27a arte hartuko ditu proposamenak. ENE saria 2006an sortu zen Diasporan euskararen alde lan egiten duten elkarteak aintzat hartzeko helburuarekin. Sariaren ezaugarri nagusietako bat da edonork proposatu ditzakeela hautagaiak. Saria merezi duen elkarteren bat ezagutzen duzu? Aurkez ezazu!

Donostia-San Sebastián. Eusko Ikaskuntzak 1949an sortu zuen Euskararen Nazioarteko Eguna, euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna munduan zehar zabaltzeko eta Diasporan munduan zehar bizi ziren euskaldunei euren ondarea aldarrikatzeko eguna eskaintzeko. Horrez gain, 2006an ENE saria sortu zuen, Euskararen Egunean ematen dena, munduan zehar euskararen alde lanean ari diren elkarteak aintzat hartzeko.

Aurtengoa sariaren hamargarren edizioa izango da. Hautagaitzak bidaltzeko epea azaroaren 27an itxiko da. Euskal Herritik kanpora euskararen alde lan egiten duen edozein elkarte aurkez daiteke sarietara. Euskararen aldeko lan hori era askotakoa izan daiteke: irakaskuntza, literatura idatzia, ahozkoa, zinea… eta sortze lan oro, Euskal Ikaskuntzak sariaren oinarrientzat azaldu duenez.

Hautagaitza nola aurkeztu

Parte hartu nahi duten erakundeek beren jardueraren berri eman beharko dute horretarako egokitutako galdetegian. Bertan, beren jardueraren berri eman ahal izango dute. Txosten hori osatzeko eskatzen den bakarra da e-mail bat izatea. (Galdetegia bete)

Meritu berezia emango zaie euskaraz aurkeztutako lanei.

Galdetegia osatzeaz gain, ezer gehigarria atxiki nahiko balute (argazkiak, adibidez), komunikazioa@eusko-ikaskuntza.eus helbidera idatzi beharko dute, erakundearen izena adieraziz.

Saria eta epaimahaia

Saria Nestor Basterretxeak ENErako diseinatu zuen anagramaren burdin eta altzairu herdoilgaitzezko erreprodukzio bat izango da eta Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, emango da aditzera irabazlearen izena.

Eusko Ikaskuntzak izendatuko duen Epaimahai batek banatuko du saria. Baloratzeko orduan, Epaimahaiak alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak hartuko ditu kontuan, sustapen ideietan ageri den berritasunarekin batera.

Aurreko edizioetako saridunak



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia