euskal diaspora eta kultura
2013/02/12
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Euskal ordezkaritza zabala izan zen partaide Pariseko Expolangues azokan, iragan otsailaren 6tik 9ra, Etxepare Euskal Institutuak azpimarratu duenez. Bertan izan ziren, besteak beste, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Mari Jose Olaziregi erakunde bereko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria, Josune Ariztondo eta Miren Dobaran (Bizkaiko Foru Aldundia eta Azkue Fundazioa), Fernando Alana (LANGUNE), Miren Azkarate eta Pello Salaburu (EHUko Euskara Institutua), Joseba Ossa (Bakun), Itziar Nogueras (Elhuyar Fundazioa) eta Elena Garcia (Eleka / Elhuyar Fundazioa).
Azokan euskal stand bat jarri zuen Etxeparek eta bertatik euskarari buruzko informazioa zabaldu zuten partehartzaileek. Horrez gain, euskara ardatz, hainbat ekitaldi arrakastatsu burutu ziren azokan eta Pariseko zenbait gunetan.
Hasteko, otsailaren 7an, Mariasun Landa idazleak eta Garikoitz Mendizabal musikariak “Bizitza zatiak: euskal literatura eta musika” emanaldia eskaini zuten Sorbonne Nouvelle III Unibertsitatean, Miren Ibarluzea irakurlea laguntzaile. Ekitaldira unibertsitateko ikasleak hurbildu ziren gehienbat. Bi egun geroago, otsailaren 9an, ikuskizun bera azokan ikusteko aukera izan zen.
Biharamunean, otsailaren 8an, Parisen Etxepare Euskal Institutuko euskara eta euskal kultura irakurle izandako Argitxu Camusek “Euskara: Europako hizkuntzarik zaharrena?” hitzaldia eskaini zuen azokan. Amaitzeko, arratsaldean Mariasun Landak “Festa aldameneko gelan. Euskal ikasle baten autobiografia Parisen, 1968-1969” mintzaldia eskaini zuen Pariseko Cervantes Institutuan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus