euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskarak eta Maia hizkuntza eta kulturak elkargunea topatu zuten Cancun hiri mexikarrean

2008/11/10

Andoni Barreña hizlari Cancungo ekitaldian
Andoni Barreña hizlari Cancungo ekitaldian

PUBLIZITATEA

Cancun hiri mexikarra eta bertako Rincón Rupestre Kolektiboaren Kultura Etxea biltoki eta bilgune bilakatu ziren joan den urriaren 31ean, ostirala, Maia eta Euskal hizkuntza eta kulturak elkar hobeto ezagutu eta elkarren esperientzien datuak trukatuz eta bi egoerei buruz solasteko. Bertaratutakoek azpimarratu zutenez, amankomunean daukate, hasteko, kultura txikientzat gero eta erasokorrago eta unimormatzaileagoa den munduan eutsi ahal izan diotela eta bizitzen segitzeko asmoz dihardutela.

Cancun, Mexiko. Bi hizkuntza eta kulturon arteko elkarretaratzea Rincón Rupestre Kolektiboaren Kultura Etxean egin zen. Maia kultura ordezkatuz Don Onésimo Chi Tuz, Don Rodolfo Chan Cauich eta Don Perfecto Manrique Ku aritu ziren eta eurak egin zioten harrera Salamankako Unibertsitateko Euskal Filologia Katedran irakasle den Andoni Barreña Agirrebeitia irakasleari.

Arratsaldeko zortzi t'erdietan ekin zitzaion ekitaldiari, Laurentino Martínez maisuaren hitz batzuk medio. Bi mintzaira hauen gaineko lehenengo begirada eskaini zuten bere berben ostean, Maia kultura ordezkatzen zuten aipatu hiru gizonek banan bana azaldu zuten euren bizitzaren berri, eta euren jatorrizko hizkuntza eta kultura bultzatzearren bakoitzak ibilitako bidea. Kontaketak maia hizkuntzan egin zituzten, hezkuntza indigenan irakasle den Roberto Yam-ek erdal itzulpena egin zuelarik, adierazi diote EuskalKultura.com-i bertako euskal komunitateko iturriek.

Elkartasuna eta trukea

Euskal errealitatea azaltzeko Andoni Barreña irakasle durangarrak hartu zuen hitza eta berak idatzitako "Amerikako hizkuntza aniztasuna. Mexikotik Hego Konoraino" liburua aurkeztu zuen. Bere kasuan ere, lehenengo lengoaia duen euskaraz zuzendu zitzaien bertaratutakoei, gaztelaniazko itzulpena Juanjo del Olmok egin zuelarik.

Liburuaren aurkezpena bukatuta, iritziak eman, solastu eta eztabaidatzeko uneari eman zitzaion bidea, gehien bat Maia hizkuntza indartzeko estrategiak aipatu zirela, euskararen kasuan balio izan duten bideen eta esperientziak argipean.

Nekazaritza goi ikasketak elebitara maia eta gaztelania

Deialdira Cancun-eko euskal komunitateko zenbait kide gerturatu ziren. Estrategia horiei buruz daukaten iritzia plazaratu zuten, Yucatan Penintsulako komunitate maiek bizi izan duten transkulturazio prozesuko lehenengo lerroko ikusle izan baitira, turismoa bertara iritsitakoan heldutako garapen ekonomikoak Mexikoko hainbat tokitako jendeak eta mundu zabaleko beste hamaika jende ekarri baititu.

Bertan zeudenek Don Onésimo Chi eta Hunab Ku elkarte zibila aitzinarazten ari diren ahalegin handia ezagutu ahal izan zuten, eskualdean Nekazaritza Goi Eskola bat sortu eta ikasketak elebitara egin ahal izan daitezen, maiaz eta gaztelaniaz. Erakunde honek aukera eskainiko du maien historia eta kultura Maien ikuspuntutik lantzeko.

Lotura interesgarriak

Erakunde antolatzailearen webgunea
http://rinconrupestre.blogspot.com

Ameriketako jatorrizko hizkuntza indioak
Luistxoren orrialdean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia