euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskarak eta Kuban klaseak indartzeko planek Habanako publikoaren interesa piztu dute

2014/06/17

Kinku Zinkunegik Habanan eman zuen hitzaldiko ikuspegia. HABEko Euskara Munduan-eko koordinatzailea arrakastaz mintzatu zen hiriko hogeita hamar bat jende entzule. Erdian, Renato Garcia Eguzquiza Habanako euskal etxeko lehendakaria (argazkia HABE)
Kinku Zinkunegik Habanan eman zuen hitzaldiko ikuspegia. HABEko Euskara Munduan-eko koordinatzailea arrakastaz mintzatu zen hiriko hogeita hamar bat jende entzule. Erdian, Renato Garcia Eguzquiza Habanako euskal etxeko lehendakaria (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Pozik zeuden Habanako euskal etxeko buruzagiak. Eguraldi txarrari aurre eginez eta futboleko mundu-txapelketaren saioen gainetik jende kopuru polita bildu zuten joan den ostegunean, ekainaren 12an, "Euskararen egoera Euskadin eta munduan" izenpean HABEko teknikari eta Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegik eman zuen hitzaldira. Hori, uhartean euskara eskolak indartzekotan diren testuinguruan.

Habana, Kuba. Zinkunegiren hitzaldiak hogeita hamar bat lagun bildu zituen, nahikoak indarra emateko gaur egun euskal etxea kudeatzen duen talde berriari hasitako bidearen egokitasunean. Izan ere, munduko euskal etxerik zaharrenetakoa den AVNB edo Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia delakoak, hainbat urtez geldirik edo abiada handirik gabe egon ostean, hasia da mugitzen azkeneko bi urte hauetan, egun lehendakari duen Renato Garcia Eguzquiza eta bere taldearen bultzadaz.

Bultzada horietan dago euskara eskolei indar berria emateko asmoa. Kinku Zinkunegiren hitzaldiak, beraz, euskara Euskadin eta munduan gaitzat harturik, interes berezia piztu zuen hainbat jenderengan. Garcia Eguzquiza berak EuskalKultura.com-i esandakoaren arabera, entzule agertutako hogeita hamar lagunen artean, gehienak elkartekoak ziren eta euskara klaseetan interesa agertu dutenetakoak.

Hitzadiaren ostean entzundako iruzkinengatik, agerian geratu zen bertan aipatutakoa berria zela entzuleentzat eta intersez segitu zutela Zinkunegiren jarduna. "Oso hitzaldi ona, datu interesgarri askorekin" edo "lan ederra garatzen du Eusko Jaurlaritzak HABEren Euskara Munduan programarekin" izan ziren bertaratutakoen esaldietako batzuk.

"2012ko irailean euskara eskolak hasi genituen. Orain, bisita honekin eta HABEren laguntzarekin, gure irakaslea prestatzen-eta, zalantzarik ez daukat klaseak bizkortu eta sendotuko ditugula. Nire uistez argi dago hainbeste jende etorri izana gaur bezalako eguraldia zeukan egunean eta futboleko mundu-txapelketa ere hor egonik adierazgaria dela eta adierazten duela, hain zuzen, badagoela hemen jakinmina eta interesa gure ama hizkuntza ezagutu eta ikasteko", laburbildu du Habanako euskal etxeko lehendakariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia