euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaraz eta euskal musika, dantza eta kulturaz badakizu, zergatik ez irakasle aritu 2011ean Argentinako Necochean?

2010/10/13

Necocheako Ikastolako ikasleak 2010 ikasturtean euren eraikinaren aurrean (argazkia Necocheako Ikastola)
Necocheako Ikastolako ikasleak 2010 ikasturtean euren eraikinaren aurrean (argazkia Necocheako Ikastola)

PUBLIZITATEA

Argentinako Necochea izeneko kostaldeko hirian bada Ikastola izeneko eskola --eskola argentinar bat non ikasleak astero euskara eta euskal kultura eta historia klaseak jasotzen dituzten-- eta 2011 ikasturteari begira bertakoek pertsona bat hartzea planteatu dute, euskara, euskal musika, dantzak eta oro har euskal kultura bere orokorrean irakas dezan. Ikastolako arduradun bat Donostian egongo da ostiralera arte (urriaren 15a). Interesa izan dezaketenek artikulu honetan ematen dugun e-mail helbidera idatz dezakete. 2011eko martxoan hasteko litzateke.

Donostia-San Sebastián. Necocheako ikastola 2009ean jaio zen --ikus hemen orduan argitaratu genuen artikulua-- Argentinan, Buenos Aires probintzia hegoaldeko kostaldeko hiri honetan. 32 ikaslerekin hasi zen, lehenengo eta bigarren mailako haurrak (6 eta 7 urte) eta 2010ean 86 ikasle izatera pasatu da, lehenengo, bigarrengo eta hirugarrengo mailak goizean, eta laugarrango maila arratsaldez.

Komunitateari zabalik sortutako eskola da, ikasgaiak Argentinako Hezkuntza Ministerioaren programen arabera ematen dituena, baina aldi berean, eta eskolak berak bere buruari ezarritako helburuekin bat, 'euskal kultura' ere eskaintzen duena, beti ere euskara eta euskal kultura sustatu eta zabaldu nahiean, non eta euskal jatorriko presentzia nabarmena duen Necochea bezalako hiri eta eskualde batean.

Euskara, musika, dantza, euskal kulturaz dakien norbait

2011 ikasturterako --Argentinan ikasturtea martxoan hasten da urtero, abenduan amaitzeko-- eskola pertsona bat hartzekotan da oro har Euskal Kultura irakatsi ahal izateko. Horretarako, euskara, euskal musika, dantzak, historia eta euskal kultura alorreko ezagupen orokorra izan dezakeen pertsona bat beharko lukeelarik.

Ikastolako arduradun bat Donostian da aste honetan, ostiralera arte (urriak 15). Interesatuek bere e-mailera idatz dezakete, mailto:xzzie@yahoo.com.ar, ibilbidea, ezaugarriak, argazkia eta baliagarriak izan daitezkeen gainerako jakingarriak bidaliz.

Aste honetan Donostian elkarrizketatu

Aukera ona izan daiteke karrera bukatu berria duten gazte euskaldunentzat, ikasturte bat Argentinan eman eta bertako gizartea, eskola, moldeak eta oro har kultura bera ezagutzeko; eta baita ere euskal diaspora ere barnetik ezagutzeko, euskal gaietan hiri aktiboa baita izena ere euskal jatorrikoa duen Necochea.

Denbora geratzen da oraindik 2011 ikasturterako, baina Ikastolako arduradun hau Donostian dela baliatuz berarekin aurrez-aurre mintzatzea interesgarria izan daiteke, orain ez kontaktatzekotan, hemendik aurrerako harreman guztiak e-mail bidez edo internetez izango baitira.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia