euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskarabidea eta Cervantes Institutuaren hitzarmena euskara eta euskal kultura atzerrian sustatzeko

2009/03/26

Hitzarmena sinatu dute Euskarabideak eta Cervantes Institutuak euskara eta euskal kultura azken honen ordezkaritzen bidez erakusteko Espainiako estatutik kanpo
Hitzarmena sinatu dute Euskarabideak eta Cervantes Institutuak euskara eta euskal kultura azken honen ordezkaritzen bidez erakusteko Espainiako estatutik kanpo

PUBLIZITATEA

Xabier Azanza Arbizu Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak eta Carmen Caffarel Serra Cervantes Institutuko zuzendariak lankidetza hitzarmena sinatu dute joan den martxoaren 20ean bi erakundeen arteko lankidetza-esparrua ezartzeko eta euskara eta euskal kultura atzerrian sustatzeko Cervantes Institutuko ikastegi sarearen bitartez. Hitzarmena medio, argitalpenak elkarri trukatuko dizkiote bi erakundeek eta Cervantes Institutuko erabiltzaileek Euskarabidearen Mediatekan elektronikoki sartzeko aukera izanen dute mundu osoan eta, hartara, euskalkien gaineko ikus-entzunezko dokumentu-funtsa kontsultatzen ahalko dute Cervantes Institutuaren egoitzetatik, eman du aditzera Nafarroako Gobernuak.

Iruñea-Pamplona. Jakina denez, Cervantes Institutua Espainiako Gobernuak 1991ean sortu zuen erakundea da eta bere eginkizunak dira espainiera sustatu eta irakastea, eta espainiar eta hispanoamerikar kultura hedatzea. Haren helburuen artean dago ikastaroak ematea gaztelaniaz eta "baita Espainiako gainerako hizkuntza koofizialetan ere".

Bestalde, Euskarabidea Nafarroako Gobernuaren erakunde autonomoa da eta haren eginkizunen artean dago Foru Komunitatetik kanpo bizi diren euskaldun taldeekin harremanak sustatzea eta Nafarroatik kanpo kokatutako entitateekin elkarlanean aritzea. Hori guztia, euskararen presentzia, erabilera eta ikaskuntza sustatzearren.

Bi urteko iraupena

Hasiera batean hitzarmen honek bi urteko indarraldia izanen du eta, deus adierazi ezean, luzatzen ahalko da etorkizunean. Hartarako, Jarraipen Batzordea sortu da, alde bakoitzeko hiru kidek osaturik. Cervantes Institutuaren aldetik batzordekide dira Kultura zuzendaria, zuzendari akademikoa, eta Kudeaketa Komertzialerako eta Produktuaren Garapenerako Zerbitzuko zuzendaria. Euskarabidearen aldetik, zuzendari kudeatzailea, Euskararen Garapenerako Zerbitzuko zuzendaria eta Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendaria.

Bi erakundeek orain artean elkarlanean egindakotik nabarmen daiteke Eduardo Gil Bera nafar idazle euskaldunak Leipzigen (Alemania) iaz egin zen Liburuaren Azokan emandako hitzaldia, "Gutxiengoen hizkuntzak, literatura handiak" izeneko jarduera programaren barnean. Azoka horretan Euskarabideak parte hartzea adostu zuten Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea Hezkuntzako nafar kontseilariak eta Gaspar Cano Peral Cervantes Institutuak Berlinen duen zuzendariak, kontseilari nafarra hiri horretara joan zenean "Expolingua" hizkuntzen azokan Euskarabideak izandako presentzia babestera.

Lotura interesgarriak

Euskarabidea, Instituto Navarro del Vascuence
www.euskarabidea.es

Nafarroako Gobernuaren webgunea
www.navarra.es



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia