euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskarAbentura: Uda honetan 16-17 urte inguruko 120 euskal gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute, Diasporakoak ere partaide

2018/03/17

PUBLIZITATEA

EuskarAbenturak osagai guztiak dauzka esperientzia aparta izateko zazpi probintzietako eta Diasporako 120 gazterentzat. Ibilbidea uztailean egingo da, Donejakue bidea eginez eta aukera emanez 120 gazte euskalduni euren herria ezagutu eta hainbat ekimenetan parte hartzeko, hala nola aisialdi eta kultur bisita, hitzaldi, tailer, kirol ekintzetan... Diasporaren kasuan, gutxienez bi partaide babestuko dituzte, Diasporako gazteek ere urririk parte har dezaten. Interesatuta bazaude, garaiz zaude, eman izena lehenbailehen!

Bilbo, Bizkaia. Ekimena 16-17 urteko gazteentzat pentsatua dago, baina baliteke Diasporaren kasuan malgutasun puntu batekin jokatzea. Izena emateko epea ere, printzipioz martxoaren 18a ipini zen, baina jasotako eskabideei kasu eginez eta aukera gehiago emateko asmoz, seguruenik zerbait luzatuko da. Parte hartzeko baldintza nagusia euskalduna izatea da, ez da beharrezkoa hizkuntza profesionalki menperatzea baina bai, bereziki Diasporakoen kasuan, kontuan hartuko da akatsak egin arren, hizkuntza mintzatzeko, hobetzeko eta aurreratzeko borondate eta engaiamendua izatea.

Babesle dituen erakunde eta instituzioei esker --tartean Akitania berria erregio frantsesa (Iparralde parte du), Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Akitania-Euskadi-Nafarroa euroerregioa-- doaniko ekimena da. Diasporako partaideen kasuan malgutasunez jokatuko da (aurkezten diren hautagaien arabera, baina gutxienez bi gazteren partaidetza bermatuz), ahalegin berezia eginez eta bereziki bultzatuz Diasporako gazteen partaidetza. Diasporakoa bazara, jar zaitez lehebailehen harremanetan antolatzaileekin eta zeure kasua planteatu.

Uztailaren 1etik 31era garatu da EuskarAbentura --Mauletik Getxora--, eta oinez, motxilekin, Euskal Herri osoan zehar, Donejakue bidearen hiru aldaera edo bertsioak segituz eta Euskal Herrian Gizateriaren Ondare diren monumentuak bisitatuz, euskal historia eta ondarea hobeto ezagutzea ere ekimeneko helburuetako bat baita. Egunero, egunaren arabera, egunari dagokion ibilbide tartea egitearekin batera, bisitak, jolasak, hitzaldiak, tailerrak, kirol ekintza eta norgehiagokak, eztabaidak edota bestelako proposamenak egingo dira.

Lozorroak ekarriko dira eta lo, polikiroldegietan, eskoletan, kultura etxeetan eta tokian tokiko udal eta kolaboratzaileek prestatutako estalitako lekuetan egingo da. Ekipo antolatzailean, eta gazteekin batera ibilbidea egingo duen taldean, zuzendari eta begiraleez gain, mediku eta erizaintza zerbitzua, fisioterapeutak eta mota desberdinetako laguntzaileak egongo dira, beti ere partaideei euren partaidetzan lagundu eta berau atseginago/aberasgarriago egiteko xedez.


Promozio bideoa

Parte hartzeko baldintzak hemen topa daitezke. 

Gazteek motibazio gutun bat eta banakako lan bat aurkeztu beharko dute. Azken hau egiteko hiru gai daude aukeran:

  • Euskara & zure herria
  • Euskara & emakumeak
  • Euskara & itsasoa.

Lana lau formatu posibletan aurkez daiteke: historikoa, literarioa, plastikoa, ikus-entzunekoa edo musikala.

Proiektuak www.euskarabentura.eus webgunean aurkitzen den formularioaren bitartez bidali beharko dira. Eusko Ikaskuntzaren laguntzari esker 120 parte-hartzaileak aukeratuko dira, eta haien egileek espedizioan parte hartzeko aukera izango dute, inolako izen-emate tasarik ordaindu behar izanik gabe.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia