euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskarAbentura, 15-17 urteko gazte euskaldunentzako programa Macachínen aurkeztu ondoren, gaur La Platan

2025/04/23

EuskarAbenturaren Irati Labaien Macachingo euskal etxera gonbidatu zuten. Bertan gazteei zuzendutako programa aurkeztu zuen
EuskarAbenturaren Irati Labaien Macachingo euskal etxera gonbidatu zuten. Bertan gazteei zuzendutako programa aurkeztu zuen

PUBLIZITATEA

Macachín, Argentina. Macachíngo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak EuskarAbenturaren enbaxadore baten bisita jaso zuen martxoko azkeneko asteburuan, aurkeztuz gazte euskaldun eta euskaltzaleen sarea sortu eta sustatzea duen egitasmoa. Gogora dezagun egitasmoak esperientzia paregabea proposatzen duela, zazpi lurraldeetako zein Diasporako 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendua. 130 gaztek Euskal Herri osoa zeharkatuko dute oinez hilabetez. Zazpigarren edizioa uztailaren 1etik 31ra egingo da eta parte hartzeko ezinbesteko baldintza, euskara jakitea da. Irati Labaienek aurkeztu zuen ekimena Macachinen eta gaur asteazkena, apirilaren 23a, 19etan, La Platako Euzko Etxean egingo du.

Azken urteotan, batez ere EEan Kultura Batzordea sortu zutenetik, Macachíngo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak etengabeko lana egin du euskal kulturaren arloan. Tailer ugari eman ditu eta, euskara irakaskuntzari dagokionez, talde bat eratu dute joan den martxoan, Argentinan Euskaraz Programan trebatutako Mara Munizaga macachindarraren eskutik. Euzko Alkartasunako idazkari Antonella Verolik EuskalKultura.eus-i baietsi dionez, proiektuak "ilusioa izugarria" sortu du. "Aurten aurretik euskara taldean gazte batzuk bagenituen ere, zalantzarik gabe, EuskarAbenturaren aurkezpena izan da beste batzuk ikastera batzeko motorra. Eta ez bakarrik programan parte hartzeko aukera ikusi dutelako, euskara gazteen kontua ere badela sentitu dutelako baizik".

2018tik

Irati Labaien ekonomialaria da eta EuskarAbenturaren sortzaile eta bultzatzaileetako bat. Argentinara lanagatik etorri da, eta bere hilabeteko egonaldia baliatu du 2018az geroztik boluntario lanetan ari den proiektu euskaltzale honen berri emateko. Duela egun batzuk Macachingo Euskal Etxea ezagutu zuenean harrituta geratu zen honen tamainagatik, baina baita bertan egiten diren jarduera ugariengatik ere. Martxoaren 28an hitzaldia eskaini zuen eta bildu zitzaizkion elkarteko Kultura Batzordeko eta Zuzendaritza Batzordeko kideak, nerabe taldeko gazteak eta nerabeen zenbait guraso. Saioan zehar, EuskarAbenturaren azken edizioko irudiak partekatu zituen, eta, proiektuaren nondik norakoak, zergatik jarri zuten martxan, eta euskararen erabilera bultzatzera mugatzen ez diren helburu desberdinak. “Topaketa polita izan zen, zerbait berria ezagutu zuten, eta zerbait piztu genuela uste dut”, amaitu zuen.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia