euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara poliki-poliki aurrera AEBetako euskal etxeetan; maiatzaren bukaeran irakasleen topaketa egin zen Boisen

2015/06/16

Boiseko euskara irakasleen barnetegiko ikasle eta irakasleak, HABEren Euskara Munduan egitasmoaren baitan (argazkia HABE)
Boiseko euskara irakasleen barnetegiko ikasle eta irakasleak, HABEren Euskara Munduan egitasmoaren baitan (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Ipar Ameriketako euskal etxeetan euskara eskolak aurrera doaz, apurka apurka. HABEk sustatzen duen Euskara Munduan egitasmoaren baitan, azken urteotan ahalegin handia egin da Ipar Ameriketako euskal etxeetan ikastaroak emateko, eta lan hori fruituak ematen hasia da. Iragan maiatzaren bukaeran irakasleen topaketa egin zen Boisen, eta bertan 12 irakasle bildu ziren, San Frantzisko, Denver, Vancouver, Montreal, New York, Los Angeles eta Boisekoak.

Boise, AEB. Boise Ipar Ameriketako euskara irakasleen topagune bihurtu da berriki. Maiatzaren bukaera aldera bertan bildu ziren Ipar Ameriketako euskal etxeetako euskara irakasleak, urteroko topaketa egiteko. Ondoren, ekainaren 1etik 7ra hainbat irakaslek Euskara Munduan egitasmoaren barnetegian parte hartu zuten, eta euskara ikasten eta irakuskuntzan trebatzen jardun zuten.

Egitasmoaren arduradunen esanetan euskara irakaskuntza AEBetan poliki-poliki sendotzen ari da, eta duela urte batzuk hasitako lanaren emaitza orain ari gara ikusten. "Prozesua ez da oso samurra izan baina poliki-poliki goraka doala esan genezake. Lan handia dago oraindik egiteko baina egindakoa ere ez da gutxi", esan du HABEko teknikari Kinku Zinkunegik.

"Ipar Ameriketako hainbat euskal klub eta euskal etxeetan (Estatu Batuak, Mexiko, Montreal eta Vancouver), badira urte batzuk euskarazko eskolak ematen direla. Bertan aritzen diren irakasleek oso jatorri eta trebakuntza desberdina dute eta, profesionalak ez izan arren, haien borondate eta laguntzari esker euskara eskolak abian jarri ahal izan dira klub askotan. Baina mugikortusuna da arazoa; eta irakasleak beste nonbaitera mugitu behar badu, bertan behera geratzen da jarduna, gehienetan", agertu du.

Ipar Amerikako euskara irakasleen topaketa

Jardun horretan lanean ari diren irakasleek trebakuntza ikastaroa egin zuten Boisen maiatzaren 30 eta 31n. Bertan 12 irakaslek parte hartu zuten; San Frantzisko, Denver, Vancouver, Montreal, New York, Los Angeles eta Boisekoak. Ikastaroan irakaskuntzarako oinarrizko irizpide metodologikoen inguruan aritzeaz gain, Euskara Munduan oinarrizko materialak jaso zituzten.

Horrez gain, eta haiek aurretik eskatu bezala, bakoitzaren eguneroko jardunetik abiatuta, elkarren esperientziak trukatu zituzten,  euskara irakasteko eskura dituzten baliabideen berri jaso zuten eta, batez ere, Euskara Munduan Oinarrizko moduluak, bereziki euskal etxeetan erabiltzeko ikas-materialak, aurkeztu eta eskura jarri zizkieten ikastaroaren arduradunek.

Ikastaroko irakasle izan ziren Itxaso Cayero, NABOren euskara koordinatzailea; Gurutzne Etxeberria, Mexikon bizi den amezketarra, UNAM-en euskara irakasle aritua azken 10 urteotan eta eskarmentu handiko irakaslea; eta Kinku Zinkunegi, programaren koordinatzailea.

Poliki poliki zabaltzen

Egindako lanaren balioespena ona bada ere, argi dute NABO eta HABEko euskara arloko arduradunek lan asko dagoela egiteko oraindik. Ikastaroan parte-hartzea handia izan zen, azken urteotako handiena, baina oraindik oso klub gutxitara ailegatzen dira euskara eskolak. AEBetan 50 bat euskal etxea daude, baina eskolak oso gutxitan ematen dira. 

"Egia da, momentu honetan, NABOren arduradunen aldetik euskararekiko oso jarrera ona dagoela eta horri esker poliki-poliki zabaltzen ari dela AEBetan euskararen irakaskuntza"; esan du Zinkunegik. "Ez zabaltzen bakarrik, baita ere, profesionalizatzen. Baina, oraindik luzea da egiteko dagoen bidea, izan ere, klub guztiak ez daude puntu berean, ez baliabideei dagokienean ez euskararekiko sentsibilizazio/aldeko jarrerari dagokionean. Horixe da NABOren erronka hurrengo urteetan, besteak beste. Kluben jarrera klabea da euskara-eskolen zabalkunderako".

Barnetegia

Irakasle topaketa bukatu orduko, ekainaren 1etik 7ra, biak barne, barnetegia burutu zen, irakasle berrien trebakuntza planaren barruan. Bertara, orain lau urte euskara ikasten hasi zen taldea etorri zen. 15 hasi ziren talde honetan, eta horietatik 8k lortu dute aurreikusitako trebakuntza burutzea.

"Horri esker, datorren urtera begira,  hainbat klubetan talde berriak  jarriko dira martxan. Horrek ere nolabaiteko aurrera pausua suposatuko du euskararen zabalkundean. Hain zuzen ere, horixe da HABEren Euskara Munduan programaren ardatz nagusi: lekuan lekuko irakasleak trebatzea, euskal etxe eta klubei giza baliabideak bermatzea, euskararen irakaskuntzan ahalik eta autonomoen izan daitezen", amaitu du Zinkunegik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia