euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara partaide Parisen Expolangues-en; hiriburuko EEak larunbatean berritu du euskara eskolen hitzarmena

2009/01/19

Expolangues 2009ko euskal stand-a
Expolangues 2009ko euskal stand-a

PUBLIZITATEA

Euskara partaide izan da beste urte batez Pariseko Expolangues Azokan, aurten urtarrilaren 14tik 17ra garatu den hizkuntzen nazioarteko elkargune eta trukagune garrantzitsu den hitzordu honen 27. edizioan. Eusko Jaurlaritzatik, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea, HABEko buru Joseba Erkizia eta Lorea Bilbao aholkularia bertaratu dira, euskal stand-a bisitatu eta, aldi berean, Pariseko Euskal Etxearekin euskara eskolak manera arautuan emateko indarrean dagoen hitzarmenari segida emateko. Urtarrilaren 7an bizitza ofiziala hasi berria duen Etxepare Institutua izango da Expolangues-eko datorren ediziotik aurrera euskal stand-a antolatzeaz arduratuko den erakundea.

Paris, Frantzia. Euskara, aurtengoan Expolangues-en partaide izan diren 60 hizkuntzetako bat izan da. Azoka, Hizkuntzen Nazioarteko Urtea amaitzea dagoelarik --otsailaren 21an amaituko da-- egin da, eta euskara eta euskal kultura munduratzea xede duen Etxepare Euskal Institutua abian hasi berri-berria izanik. Martxoaren 1eko hauteskundeen ondotik zuzendaria nor izendatuko duten zain, hasiera honetan, eta Institutuak bere langile egitura osatu eta hau lanean jarri bitartean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik beteko dira Etxepare Euskal Institutuaren funtzioak.

Arian arian, Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko eta garatuko ditu lehenagotik Jaurlaritzak landu izan zituen hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak. Hor txertatzen dira azken urte hauetan garatu diren euskara eta euskal kultura munduan erakusteko egitasmoak (Euskara Munduan eta lektoradoak) eta euskal kulturaren alor desberdinetan (literatura eta liburugintzan, ikus-entzunezkotan, arte ederretan eta abarrean) Kultura sailaren bitartez eta alorrean alorreko sektoreen laguntzaz egiten diren hainbat ekimen. Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko du baita ere euskara eta euskal kulturaren ordezkaritza nazioartean antolatzen diren hizkuntza eta kultura dibulgatzeko azoka eta erakusketetan.

Ehundik gora euskara ikasle Pariseko EEan

Azokaren parte hartzearekin lotuta, joan den larunbat goizean, eta Expolangues azokan bertan, Patxi Baztarrikak eta  Joseba Erkizia HABEko zuzendariak Pariseko Euskal Etxeko presidente Hervé Trinket-ekin hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen hori medio, HABE erakundeak “Euskara Munduan” programaren barruan, dirulaguntza, ikasmaterialak eta aholkularitza didaktikoa eskaintzen dizkio Pariseko Euskal Etxeari, euskarazko eskolak antolatu eta eskaintzeko. Aurten ehun ikasletik gora ari dira Parisen euskara ikasten, sei taldeetan eta astean hiru orduko erritmoan. Urte honen barruan Etxepare Euskal Institutuak, HABEren lankidetzarekin, bere gain hartuko du euskara eskolak munduan ematea xede duen egitasmo hau ere.

Lotura interesgarriak

HABE Institutua
www.habe.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia