La Plata, Argentina. José Hernandezen “El gaucho Martin Fierro" argentinarren gautxo-literaturaren gailurra argitaratu zenetik 150 urte bete dira eta hori ospatzeko, gaur ostirala, obra hainbat hizkuntzatzan irakurtzeko ekitaldia antolatu dute La Platako Unibertsitate Nazionaleko Humanitate Fakultatean. Euskarak ere parte hartuko du ospakizunean, Etxepare Euskal Institutuko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzaren eta La Platako Euzko Etxeko “Matxin Burdin” Liburutegiaren bitartez.
1872koa da obraren edizio originala, eta bere mendeurrenarekin bat, 1972an, Buenos Airesko Ekin Euskal Argitaletxeak euskarazko bertsioa argitaratu zuen, "Matxin Burdin" izenpean, gerraren ondorioz Argentinara erbesteratu zen eta bertan lan euskaltzale handia garatu zuen Txomin Jakakortaxarena apaiz eta idazle berastegiarrak euskaratuta. Gaurko ekitaldiak, beraz, euskaldunen kasuan, obra originalaren 150 urteak ospatzen ditu, eta euskarazko itzulpenaren mende erdia.
Matxin Burdinen testu hori hasieratik bukaeraraino irakurriko dute gaur arratsaldean La Platan Sabrina Otegui UNLPko euskal irakurleak eta irakurlegoko ikasleek. Euskarazko irakurketaren parean, klasikoa ingelesez, frantsesez, italieraz, portugesez, latinez, grezieraz, japonieraz, txineraz, guaranieraz, kitxuaz eta idishez irakurriko dute hizkuntza horietako ikasle-irakasleek.
Jarduera La Platako Unibertsitate Nazionaleko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Literatur Teoria eta Kritikaren Ikasketa Zentroak eta Ikerketa Institutuak antolatu dute.