euskal diaspora eta kultura
2013/02/04
PUBLIZITATEA
Paris, Frantzia. Etxepare Euskal Institutua, Azkua Fundazioa eta Langune enpresa Expolangues azokan izango dira etzitik hasi eta larunbateraino. Azoka honek mundu osoko hizkuntzak hartzen ditu --aurten 80 inguru--, horien artean euskara. Antolatzaileek 24.000 bisitari inguru espero dituzte, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.
Etxeparek euskarari buruzko informazioa eta baliabideak eskainiko ditu standean: liburuak, material didaktikoa, hiztegiak, euskara mundu osoan ikasteko irakurletzen berri, beste hizkuntzetara itzuli diren euskarazko liburuen katalogoak eta euskaraz lehen urratsak egiteko aukera. Era berean, "Badu, Bada - Euskara mundu eleanitzean" erakusketari buruzko argibidea ere banatuko du.
Azokan izango dira Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Mari Jose Olaziregi erakunde bereko Euskararen Sustapenerako zuzendaria, eta baita ere Josune Ariztondo eta Miren Dobaran (Bizkaiko Foru Aldundia eta Azkue Fundazioa), Fernando Alana (Langune), Miren Azkarate eta Pello Salaburu (EHUko Euskara Institutua), Joseba Ossa (Bakun), Itziar Nogueras (Elhuyar Fundazioa) eta Elena Garcia (Eleka / Elhuyar Fundazioa).
Azokan eta Parisen, euskaraz
Etxepare Euskal Institutuak lau ekintza antolatu ditu aste honetan Parisen, azokan euskararen parte hartzea ezagutarazteko. Hasteko, etzidamu, otsailaren 7an, Mariasun Landa idazleak eta Garikoitz Mendizabal musikariak “Bizitza zatiak: euskal literatura eta musika” ikuskizuna eskainiko dute Sorbonne Nouvelle III Unibertsitatean, arratsaldeko 17:00etan. Ekitaldi honetan literatura-irakurketak eta txistuaren doinuak uztartuko dira. Bi egun geroago, otsailaren 9an, ikuskizun bera emango dute Expolangues azokako Cloud aretoan, 13:30ean.
Horrez gain, otsailaren 8an Argitxu Camus historialariak hitzaldia emango du azokan. Mintzaldiaren izenburua “Euskara: Europako hizkuntzarik zaharrena?” da eta euskararen jatorria eta ezaugarriak izango ditu hizpide. Camus Parisen Etxepare Euskal Institutuko euskara eta euskal kultura irakurle izan da Sorbonne III unibertsitatean. Hitzaldia 13:15etan izango da, Expolangues azokako Buzz aretoan.
Azkenik, otsailaren 8an baita ere, Mariasun Landak “Festa aldameneko gelan. Euskal ikasle baten autobiografia Parisen, 1968-1969” mintzaldia eskainiko du Pariseko Cervantes Institutuan, 19:00etatik aurrera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus