Tandil, Argentina. Tandilgo Gure Etxean egingo da Argentinako 2023ko Udako Barnetegia. Hego Amerikan bertako euskal etxeetan jardungo duten euskara irakasleak trebatzeko Euskara Munduan programaren baitan urtarrilean egin ohi den urteko lehenengo ikastaro hau urtarrilaren 14tik 22ra, larunbatetik ondoko asteko igandera, luzatuko da aurten, Tandilgo Euskal Etxea anfitrioi eta Etxepare Euskal Institutua eta FEVA antolatzaile. FEVAko Gabriela Mendiak eta Etxepareko Kinku Zinkunegik koordinatuko dute hurrenez hurren.
Tandil bertako Inés Olazabal eta Buenos Airesko Gabriel Arce arituko dira B mailan kokatzen diren bi ikastaldeen irakasle. Euskarari dagokion ikasturtea estreinatuko duen aurreneko barnetegi honetara —Euskara Munduango bigarrena uztail aldean egin ohi da, bertan neguan— hogei ta bat ikasle irakaslegai bilduko dira, Argentina bertako 17, Uruguaiko 3 eta Txileko bat.
Orotara bederatzi egunekoa izango den ekitaldian, barnetegia, berez hizkuntza ikasi eta lantzeari eskainiko zaion astebeteko zati nagusia bukatuta, azken larunbat eta igandean prestakuntza pedagogikoa ere jasoko dute parte hartzaileek. Etxepare Euskal Institutuko Euskara Munduan programako arduradun Kinki Zinkunegi bera arduratuko da barnetegiari amaiera emango dion jardunaldi pedagokikoa garatzeaz.