Donostia-San Sebastian. Pandemia testuinguruari aurre eginez, Hego Ameriketako ikasle/irakasle talde batek, egoerak ekarritako oztopo guztien gainetik euskara barnetegi batekin hasi zuen urtea Lazkaoko Maizpiden, euren oporretako egunak erabiliz edo lanean bi hilabeteko baimen berezia eskatuz urtetako euskara ikasketei aurrerakada eta urrats erabakiorra ematearren. Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programako parte, ekimen honek euskal etxeetan bertako euskara irakasleak trebatzeko ahaleginaren baitan.
Euretako laurengana hurbildu gara Euskal Herria utzi aurretik, euren errealitate, euren motibazio, sentipen eta ezaugarriak hobeto ezagutu nahian. Zerk bultzatu dituen astero euren bizitzetako hainbat ordu euskarari eskaintzera, eta euren ahalegin, denbora, ilusio eta planen zati esanguratsu bat euskarari bideratzea.
Artikulu honetara bi lehenengo lekukotasunak bilduko ditugu; eta bigarren batera azkeneko biak. Gaurkoan, Argentinako Bego Tisera (San Nicolás) eta Txileko Christian Etxeberria (Santiago). Lekukotasun elkarrengandik desberdinak oso, euskara eta euskararekiko maitasun eta engaiamendua lokarri.
Bego Tisera. Argentina
Txikitan euskarazko hitz solteak entzuten nituen, amaren aldeko familia bertakoa baitzen, Bilbokoa. Gure ama Euskal Herrian jaio zen, Francoren garaian, eta ez zuen euskara ikasi. Baina aitonak guk euskara ezagutzea nahi zuen eta horretarako bizkaierazko liburu batzuk ekarrarazi zituen eta gogo handiz erakusten zizkidan.
Argentinan, betidanik Euskal Etxera joan izan naizen arren, ez zitzaidan sekula bururatu euskal dantzak edo musika edo antzekorik egitea. Baina seme-alabak hazi ondoren, duela hamazazpi bat urte euskara klaseei buruzko iragarki bat ikusi nuen telebistan eta jakinmina sortu zidan, zuzeneko gonbite gisa hartu nuen. Beraz, izena eman eta San Nicolaseko Euskal Etxean euskara-klaseak jasotzen hasi nintzen.
Gogoratzen dut, hasieran oso zaila iruditu zitzaidala, baina aurrera jarraitu nuen. Taldea ederra zen eta Natalia Hormazabal irakaslea, hain zen grinatsua euskararekiko bere bizipenen ederra eta lilura transmititu zizkidala. Eta egiazki maitemintzen joan nintzen. Egun esan dezaket sakon maite dudala euskara.
2013an, orduan HABEk eta egun Etxepare Institutuak kudeatzen duen “Euskara Munduan” programan sartu nintzen, euskara ikasten joan ahala norberaren euskal etxean irakasle bilakatzea ahalbidetzen baitu, bertako premiei erantzunez, eta Internetez ikasteari ekin nion. Online ikastea bide bakarti samarra da, baina aukerarik onena izan nuen abiadura hartzeko.
Bi urteren buruan klaseak ematen hasi nintzen San Nicolaseko Euskal Etxean. Eta esan beharra daukat urrats hori oso garrantzitsua izan zela nire ikaskuntza prozesuan, izan ere gauza asko finkatzeko eta besteei azaltzean niri ere sendotzeko balio izan baitzidan.
Hizkuntza arbasoei esker ezagutu nuen, esan bezala, baina geroztik nik neure bidea egin dut, ikasteaz gain, eta euskari esker lagunak egin eta lekuak ezagutu ditut.
Eta aurten Euskal Herrira bidaiatu, bertako bazterrak bisitatu eta euskaldunekin euskaraz hitz egin ahal izatea, esango nuke amaiera bikaina izan dela, Argentinara itzuli eta euskara irakasten segi aurretik.
Lazkaoko Maizpideko Barnetegian pasatu ditudan bi hilabeetan, ikasteaz gain, ahaztuko ez dudan esperientzia izan dut. Ederra izan da ikaskideekin eta jendearekin bertatik bertara elkartu eta euskara kaleetan entzuteko aukera izatea.
Bestela esanda, euskara bere testuinguru naturalean ezagutzea eta horren barruan bizi ahal izatea.
Bukatzeko, Ikaskide batek esandakoa datorkit burura: hemendik aurrera argi daukat bi lekutakoa naizela.
Christian Etxeberria, Txile
Amonak hezi ninduen, oso emakume garrantzitsua izan nuen amona nire bizitzan. Echeverria zen bere abizena, baina egiari zor ez zekien abizen euskalduna zenik: hil zenean gehiago jakin nahi izan nuen abizenari buruz, eta nik ezagutzen ez nuen hizkuntza batean zerbait esan nahi zuela aurkitu nuenean jakinmina areagotu eta sentitu nuen gehiago behar nuela jakin eta euskara ikastea erabaki nuen. Are gehiago, abizena aldatu eta berea hartu nuen.
Pozik nago euskalduna izateaz. Ez dakit, nire bizitza aberastu egin da eta hainbat harremanbide sortu zaizkit euskaldun izateari esker. Euskarak mundu berri batera sartzeko aukera eman dit, lehenago existitzen zenik ere ez nekien eta gero eta interesgarriago topatzen dudan mundu batera, laguntasun eta harreman indartsuko mundu bat.
Euskararen berri izan nuenean sakondu nahi izan nuen arbasoekiko lotura eta euskara tresna egokia izan zitekeela pentsatu nuen, euskarak emango zidala lotura hori. Ezagutzen joan ahala maitemintzen joan nintzen euskararekin, eta horrek nire poza eta zorte ona partekatzeko gogoa eta beharra ekarri zidan eta horregatik deliberatu nuen euskara irakaste bihurtzea.
Orain euskara ikasten segitzen dut eta aldi berean irakaslea naiz Txileko Santiagoko Eusko Etxean. Argi sentitzen dut lotura sortu dudala euskal kulturarekin eta horrek munduari ikuspuntu zabalago batetik begiratzeko aukera ematen dit.
Honakoa nire lehengo aldia da Euskal Herrian. Oso hunkituta etorri nintzen. Oso jendea jatorra topatu dut eta guztiak izan dira atseginak nirekin. Ezberdina da Txilen euskaraz hitz egitea edo hemen. Hemen euskaraz hitz egitean bereziki sentitu naiz parte eta partaide. Herriko jendearekin euskaraz komunikatu ahal izateak oso zoriontsu sentiarazi nau. Ahaleginak eta inbertitutako denbora guztiak erabat merezi izan du.
[biharko bi lekukotasunak Alfredo Laborde (Argentina) eta Laura Moreno (Uruguai) izango dira]