euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Munduan: Zerk eramaten du Diasporako gazte bat euskara ikasi eta irakasle bilakatzera bere euskal etxean (eta II)

2021/05/27

Euskara Munduango 2021eko barnetegiko partaideak Etxepareko arduradunekin Donostiara Institutuaren egoitzara egindako bisitan
Euskara Munduango 2021eko barnetegiko partaideak Etxepareko arduradunekin Donostiara Institutuaren egoitzara egindako bisitan

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Atzo hasitako lau lekukotasuneko sorta bukatzeko, Alfredo Laborde (Argentina) eta Laura Morenoren (Uruguai) testigantza bildu dizugu datozen lerroetara. Gogoratu pandemia testuinguruari aurre eginez, Hego Ameriketako ikasle/irakasle talde batek, oztopo guztien gainetik, euskara barnetegi batekin hasi zuela urtea Lazkaoko Maizpiden, euren opor egunak erabiliz edo lanean bi hilabeteko baimen berezia eskatuz. Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programan partaide, ekimen honek euskal etxeetan bertako euskara irakasleak trebatzeko ahaleginaren baitan.

Euretako laurengana Euskal Herria utzi aurretik hurbilduta, euren errealitate, euren motibazio, sentipen eta ezaugarriak hobeto ezagutu nahian galdetu genien. Zerk bultzatu dituen astero euren bizitzetako hainbat ordu euskarari eskaintzera, eta euren ahalegin, denbora, ilusio eta planen zati esanguratsu bat euskarari bideratzea. Hona erantzunen bigarren atala.

Alfredo Laborde

Gauza deberdina da, nire ustez, euskara edo beste edozein hizkuntza ikastea. Euskara oso hizkuntz zaharra da eta logika matematikoa dauka, beste batzuek ez bezala, hori, oso hizkuntza ederra izatearekin batera.

Euskarak bizitza aldatu dit. Beti esaten dut euskarak aberastu egiten gaituela, eta benetan sinesten dudalako esaten dut. Argi daukat, nire kasuan, ez naizela pertsona bera. Orain gauzei desberdin begiratzen diet, edo aberatsago ikusten dut, ez dakit pertsona berezia naizen, baina zerbait berezia ipini du nigan euskarak.

Datu bitxi bat. Nahi gabe, nire familiaren bizitza ere aldatu du, baita nire lan-ingurunearena ere. Gustatzen zait euskaldun gisa onar nazaten, ez dut astuna izan nahi, baina honekin guztiarekin esan nahi dut oso oso gogokoa dudala euskara.

Ikasteko beharra izan nuen, eta baita irakastekoa ere, ez nuelako niretzat bakarrik gorde nahi, partekatu nahi nuen eta ez zekena izan.

Lehen egonaldia izan dut hau Euskal Herrian. Ez naiz objektiboa izango, nire emozioek nire kontrola hartuko dutelako, baina bidaia zoragarria izan da, nire arbasoekin topo egin izan banu bezala. Normalean, ez dut nire ohiko ingurunean aukerarik euskaraz hitz egiteko, eta familian ere zait gelditzen hemengo senide hurbilik.

Behar bada horregatik barnetegian bai kalean euskaraz moldatu ahal izateko aukera honek luze izango du nire gogoan, blokeo lotsati hori apurtu ahal izatea. Gauza xinpleak, esaterako kaleko jendearekin hitz egitea ere, esperientzia ederra izan dira niretzat; gauza xinpleak dira, badakit, baina hunkitu egin naute; oraintxe bertan burura datorkit egunkari saltzailearekin hitz egiteak edo Lazkaon liburu bat erosi nuenean horrek eman zidan poza, euskara izan bainuen komunikazio tresna.

Pixkanaka ari naiz eta honainoko prozesua luzea izan bada ere, oso gustura egiten ari naizela behar dut esan. Eta ez da hemen amaitu. Eskerrak eman nahi dizkiot nire familiari. Ez naiz damutzen, berriro ere ekingo nioke bide berari.

Guztiei gomendatuko nieke, mundu globalizatu honetan gero eta garrantzitsuagoa bilakatzen baita zeure lekua bilatzea eta zeuretzat esanguratsuak diren modu eta tresnak baliatzea nagusitasuna hausteko.

Laura Moreno

Amak euskal arbasoak ditu baina ez du inoiz euskal munduarekiko harremanik izan. Familian, ez dakit nondik, noiz eta nor etorri zen Euskal Herritik. Euskal erroak aipatu eta beraz eurengandik hurbilen egon zen aldian amak “yo soy vasca y esto conmigo no va a poder” esan zueneko hura izan zen. "Zero eguna" arte, horixe zen nire ustez euskalduna izatea, nik ez dudan harrizko borondatea edukitzea.

"Zero eguna" diot, bai, euskara ikasten hasi nintzen egunean nire bizitza aldatu baitzen. Behin autobusean nindoala geltoki baten atzean zegoen horman “Aprende Euskera – Cursos Gratuitos” jartzen zuten txartelak ikusi nituen. Kontaktuan jarri nintzen, ordutegia ikasi eta nire lekua erreserbatu nuen, baina fakultateko ordutegia aldatu ezin izan nuenez, lehenengo egunean amari eskatu nion nire ordez joateko, nire lekua taldean galtzearen beldur nintzen eta. Bigarren klaserako, fakultateko ordutegia antolatu ahal izan nuen, beraz, hasi egin nintzen euskara ikasten (amak ez zuen klasera bueltatu nahi). Lehenengo urtearen bukaeran Euskara Munduan programan parte hartzea proposatu zidan irakasleak eta berehala onartu nuen. Hurrengo urtean, urtarrilean, San Nicolaseko Euskal Etxean hasi nintzen irakasle bihurtzeko prozesuan parte hartzen. Zazpi urtetako opor guztiak eman nizkion euskarari, eta behin ere ez naiz damutu, euskarari askoz gehiago zor diodala uste dut eta.

Hasiera-hasieratik maitemindu nintzen euskararekin, eta ez nuen imaginatu eskertzeko hainbeste izango nuenik: nire bihotzeko azukre koskorra ezagutu nuen euskarari esker, lagun eta leku asko ezagutzeko aukera eman dit, euskarari esker izango ez bazen, bizi izan ditudan esperientzia asko ez nituzkeen inoiz biziko. Hizkuntza ikuspuntutik ere iraultza hutsa izan zen, ikasi ditudan beste hizkuntzak baino askoz freskoagoa, askoz logikoagoa, askoz ederragoa iruditu zitzaidan lehen egunetik.

Hala ere, ez nintzen arbasoengandik hurbil sentitu Euskal Herrira iritsi arte. Euskal Herriko mendiek iraganera eraman ninduten ikusi nituen lehenengo alditik. Amaren arbasoak ni ibili nintzen mendi berde berberetan ibiltzen irudikatu nituen eta nolakoak izan ziren haien bizitzak imajinatzen saiatu nintzen. Zaila da iraganean hain urrun geratu den zerbait ezagutzea, baina bertan egoteak, bertako jendea eta ohiturak ezagutzeak zeregina errazten zidan pixka bat.

Euskalduna izateak zer esan nahi duen galderari dagokionez, euskarak erabat aldatu zidan ikuspuntua, ez dut nongo arbasoak ditudan jakin behar, haiek ezin didatelako haien herriaren parte izaten lagundu. Euskara aritzeagatik naiz euskalduna, izan ere, Euskal Herrian egotean, euskaldunen artean euskara bizitzeko gauza izateak Euskal Herrikoa sentiarazi ninduen eta.

Etxera bueltatzean jarraituko dut euskara irakasten, maite dudan hizkuntza zabaltzeko asmoan. Hau da euskarak eman didan guztiaren parte txiki bat bueltatzeko nire modua. Dena den, ez dut erabat eskuzabaltasunez egingo, baizik eta Uruguain bizi diren euskaldunen kopurua handitzeak egunen batean eremu gehiagotan euskara bizitzeko aukera emango didala uste baitut.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia