Buenos Aires, Argentina. Pandemia garai bereziki zail honetan, Etxepare Euskal Institutuak eta FEVAk elkarrekin segitzen dute lanean Hego Ameriketako euskara irakasleen prestakuntzarako urtero sasoi honetan antolatu ohi duten udako (uda, hego hemisferioan) barne-ikastaroarekin. Osasun egoerak, hala ere, moldatu beharra ekarri du eta uztailean bezala ikastaroak online modalitatea izango du. Urtarrilaren 9tik 16ra luzatuko da eta “bakoitza bere etxetik”, Argentina, Txile, Uruguai eta Brasilgo euskal etxeetako 30 bat ikaslek hartuko dute parte.
‘Euskara Munduan’ programako arduradun Kinku Zinkunegik EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, orain urte bete martxan jarri zen irakaslegai talde berria martxoan hasi zen normalean online egiten duen bere formakuntza aldia ikasten eta ikasturtearen erdian lehenengo barne-ikastaro presentziala antolatzeko momentuan, pandemiagatik, ezin izan zen aurrez-aurre burutu.
“Egoerara moldatu nahian eta prozesua ez moztearren, barnetegia online egin genuen. Erronka ikaragarria izan zen guztiontzat eta esan behar dut parte-hartzaile guztien jarrera, pazientzia, talde-lana eta ikasteko grina txalogarriak izan zela, benetan”, azpimarratzen du Zinkunegik.
Uztailetik hona osasun egoera hobetu ez denez, 2021eko urtarrileko ikastaro trinkoa ere birtuala izango da. Klaseen dinamikari dagokionez, ikasleak hiru taldetan antolatuko dira, goiz eta arratsalderoko saioak ezagun bat agurtuz eta hura elkarrizketatzen hasiko dira eta eguna euskarazko jolasetan bukatuko.
Irakasleak, Irene Lopez de Vicuña, Gabriel Arce eta Rocio Basterra argentinarrak izango dira, hirurak EGAdunak eta Euskara Munduan-en bidez trebatuak. Koordinazio lana, FEVAko Gabriela Mendiaren eta Etxepare Euskal Institutuko Kinku Zinkunegiren esku egongo da.