euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Echea Institutua bisitatu du Buenos Airesen Euskara Munduan-go arduradun den Jose F. Zinkunegik

2010/05/25

Jose Francisco Zinkunegik klasea ematen Euskal Echea Institutuan
Jose Francisco Zinkunegik klasea ematen Euskal Echea Institutuan

PUBLIZITATEA

HABE, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundeak Euskal Herritik at garatzen diren hainbat proiektu kudeatu eta babesten ditu, horien artean aurten hogei urte betetzen ari den 'Argentinan Euskaraz' programa arrakastatsua. Esan dezagun, ordea, nahiz eta oro har helduei zuzenduta egon, umeentzako ekimenak ere sostengatzen dituela HABEk. Handiena, ikasleen kopuruagatik, Buenos Airesko Euskal Echea Institutua bere bi egoitzetan gauzatzen ari dena da. HABEren babesari esker, Institutu honetako lehen mailako mila bat ikaslek jasotzen dituzte astero euskara eta euskal kultura klaseak. Maiatzaren 6an HABEko teknikari eta 'Euskara Munduan' proiektuko arduraduna den Jose Francisco Zinkunegik bi eskolok bisitatu zituen, bertako agintariekin elkartuz eta klase bat emanez. "Benetan, esperientzia zoragarria izan zen", aitortu dio Zinkunegik EuskalKultura.com-i.

Buenos Aires, Argentina. Duela 105 urte jaio zen Euskal Echea Institutua, "Euskal Herriko kultur balioak hedatzeko, eta euskaldunen hizkuntza, historia, folklorea, artea eta gainerako agerpenak sustatzeko". Ideia honi jarraituz, izen handiko eskola denak, euskara eta euskal kultura klaseak sartu zituen bere ikasketa-planean. Proiektua lehen mailako ikasleei zuzenduta dago, esan nahi baita sei eta hamabi urte arteko neska-mutikoei, eta eskolako kurrikularen arauak betetzeko, astero 45 ordu dituzte ikasleek. Irakasteko materiala euskara irakasleek proiektu honetarako bereziki sortua da, eta hainbat arlotako kultur espresioak batzen ditu, ikutuz besteak beste Euskal Herriko historia, geografia, dantzak eta kantak. Gai hauek ardatz hartuz, euskara ere irakasten dute Vanesa Felix, Estefania Abasolo eta Victoria Abasolo irakasleek, beti ikasleen adina kontutan harturik.

Arrakasta handia duen proiektu honen babes ekonomikoa HABEren esku dagoenez, pasa den maiatzaren 6an HABEko teknikari den Jose Francisco 'Kinku' Zinkunegik Institutuko bi eskolak bisitatu zituen, programaren arduradunekin elkartuz eta umeekin egote aldera. Goizean, Llavallolgo egoitzan izan zen. Hor, erakundeko Santiago Bonfanti, Izaskun Ordoki, Verónica Rimoldi eta Jon Kepa de Erquiaga zuzendariekin hitz egiteko aukera izan zuen. Ondoren, eskolako agintariek klase batean parte hartzera gonbidatu zuten eta hirugarren urratseko ikasleei klase bat eman zien.

Zinkunegi Euskal Echea Institutuan 2010 1

[Euskara eta euskal kultura ikasten duten ikasleekin izan zen Zinkunegi]

Llavallolen bertan bazkaldu ondoren, Zinkunegi Euskal Echea-ko hiriburuko egoitzara bildu zen. Hor Enrique Fagoagak, Marcela Sanchez Rubiok eta Graciela Ch. de Cepparro errezibitu eta eraikina erakutsi zioten. Jarraian, HABEko ordezkaria lehenengo urratseko klase batera sartu zen, bertan ikasleek abestuz eta euskaraz agurtuz eman ziotelarik ongietorria.

Zinkunegi Euskal Echea Institutuan 2010 2

[Festa giroa ekarri zuen Kinku Zinkunegik Euskal Echea Institututa egin zuen bisitak]

"Zuzenean klaseak bisitatzeko eta bertan parte hartzeko izan duen xantzak aukera eman diote Zinkunegiri euskarak eta euskal kulturak Euskal Echea-n hartzen duten egiazko neurria eta daukaten lekua ikusi eta bizi ahal izateko. Azpimarragarria da agintariek zein irakasleek euskal kulturarekiko duten engaiamendua eta horrek arnasa eta bizitasuna dakarkio euskal kultura eta euskara irakasteko ekimen honi, eta eragin hazkorra dauka instituzioak bere bi egoitzetan urtero antolatzen dituen euskal festen partaidetzan. Eskola egun arrunt batean parte hartuz ikuspegi ezinhobea eta errealitateari lotua eskuratu ahal izan du, erakunde alortzen ari den emaitza eta inpaktoari dagokienean", azpimarratu diote FEVAko arduradunek EuskalKultura.com-i, bisitaren euren aldeko laburpena eginez.

Lotura interesgarriak

HABE, Helduen Euskalduntze Institutua
www.habe.euskadi.net

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia