euskal diaspora eta kultura
2013/12/31
PUBLIZITATEA
San Nicolas, Argentina. 2013ko urtarrilean irakasle izateko bere formakuntza, San Nicolasen bertan, Euskara Munduan programarekin hasi zuen Hego Amerikako ikasle taldeak bere ikastaldiko hirugarren barnetegia egingo du 2014 hasieran, urtarrilaren 18tik 25era, Buenos Aires probintzia argentinarreko herri honetako euskal etxea anfitrioi. Programako aurrez aurreko ikastaro trinko guztietan bezala, honetan ere landuko dira urtean zehar asteroko on line saioetan proposatzen diren hizkuntza gaiak, batez ere ahozko gaitasuna garatzen laguntzen dutenak.
Honezkero ohikoa denez, klaseak goizez, 9etatik 11:00etara eta 11:30etatik ordu batera, izango dira; eta arratsaldez, 6:00etatik 7:00etara (bakarkako lana) eta 7:30etatik, 9:00etara, izan ere euskal etxearen egoitzan; otordu-legea ere bertan pasatuko da. Ostatua, berriz, Argentino Hotelean prestatu da, Garibaldi kaleko 136an. Antolatzaileek adierazi dute hotelerako sarrera larunbat eguerdian egin ahal izango duela. Programaren arduraduna den Kinku Zinkunegi-rekin batera, irakasle arituko dira Gabriel Arce, Gabriela Mendia eta Sabrina Otegui irakasle tituludun argentinarrak.
Irakasleentzako Trebakuntza
Munduko euskal etxeetan euskararen presentzia sustatzea xede duen Euskara Munduan programak irakasle berriak trebatzea ez ezik, egun irakaskuntzan ari diren irakasleen euskara maila mantendu eta didaktikaz hausnartzea ere badauzka helburu. Behar horri begira, Irakasleentzako Trebakuntza jardunaldi bat ere antolatu da San Nicolasen, Barnetegiaren segidako asteburuan.
Deia programako ikasle izan diren guztiei dago zuzenduta eta hiru saiotan antolatu da. Lehenengoa (urtarrilaren 25ean, larunbata, arratsaldeko 3tatik 7etara) partaideei aldez aurretik bidalitako galdetegi baten erantzunak haintzat hartuz landuko da. Bigarrenean (igande goizean, 9etatik ordu 1era) partaide direnek euren klaseko esperientziak aurkeztuko dituzte; eta hirugarrenean (igande arratsaldeko 3tatik 7etara) norberaren euskara zaintzeko estrategiak izango dira gai nagusi. Ikastaroak, ohi denez, euskara hutsean emango dira.
Euskara Munduan programa Eusko Jaurlaritzaren pekoa den HABE Institutuak bultzatzen du eta Argentinan gauzatzen dituen ekintzek, FEVAren eta tokiko euskal etxearen --kasu honetan San Nicolaseko Euskal Etxearen-- babesa dute.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus