euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Munduan: lehen barnetegia hasiko du urtarrilean San Nicolasen euskara irakaslegai talde berri batek

2023/12/29

2020ko urtarrilean bezala, San Nicoláseko Euzkal Etxea udako barnetegiaren anfitrioia izango da, Euskara Munduan programaren baitan. Aurreko taldea, berriz, egun gutxi barru abiatuko da Lazkaora, prestakuntza amaitzera.
2020ko urtarrilean bezala, San Nicoláseko Euzkal Etxea udako barnetegiaren anfitrioia izango da, Euskara Munduan programaren baitan. Aurreko taldea, berriz, egun gutxi barru abiatuko da Lazkaora, prestakuntza amaitzera.

PUBLIZITATEA

San Nicolas, Argentina. Euskara Munduan programaren atal berri bat idazten hasiko da pare bat aste barru Paraná ibaiaren ertzean, San Nicolas hirian. Urtarrilaren 13an, bertako Euzkal Etxeak ongi etorria emango dio  euskara irakasle bihurtzeko asmoz euskalduntze prozesua hutsetik hasiko duen Argentinako euskal etxeetako ordezkari talde berri bati. Barnetegia amaitutakoan, partaideek euren euskal etxe eta herrietatik jarrituko dute formakuntza, Euskal Herritik kudeatutako online plataforma baten bidez, ekainean, Argentinako neguan, egingo den hurrengo barnetegira arte.

Ikastaro trinkoa urtarrilaren 13tik 20ra egingo da, eta Argentinako bi irakaslek, Cecilia Canzek eta Anabel Jaureguiberryk, emango dizkiete eskolak Argentinako hainbat hiritatik ilusio handiz bertaratuko diren 15 ikasleei. Ikastaroaren diseinua eta berau garatzeko material didaktikoak Lazkaoko Maizpide Euskaltegiko Jon Urdangarini zor zaizkio. FEVAren partetik, Gabriela Mendiak eta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Munduan programaren arduradun Jose Francisco "Kinku" Zinkunegik koordinatuko dute barnetegia

Euskararen transmisio-kate sendoa

San Nicolasen kohorte berri hau euskararen munduaren parte izatera eramango duen ahalegin eta poztasun bidea egiten hasiko den bitartean, Euskara Munduaneko bere aurreko taldeak Gipuzkoako Goierrin burutuko du bere formakuntza prozesua. Urtarrilean eta otsailean zehar, Lazkaoko Maizpide barnetegian, euskal etxeetan dagoeneko irakasle lanetan ari diren dozena batek ikasle-irakaslek bizitza euskaraz garatzeko esperientzia bizi ahal izango du. Aldi berean, ezagutzak sakondu eta pilak kargatuko dituzte 2024ari gogo biziz aurre egiteko, euren jarduerak euskaltzale berri asko erakarriko baititu hego konoko euskal etxeetako ikasgeletara.

Biba zuek eta gora euskara!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia