euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Munduan programako koordinatzailea Brasil, Txile, Uruguai eta Argentinara bidaia egiten ari da

2012/10/09

Kinku Zinkunegi plaka oroigarriarekin eta Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeko zuzendari eta euskara irakasleekin eta gazteen euskara taldeko Magdalena Alves, Thiago Parddal eta Igor Ramos ikasleekin (argazkia EuskoBrasildarEtxea)
Kinku Zinkunegi plaka oroigarriarekin eta Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeko zuzendari eta euskara irakasleekin eta gazteen euskara taldeko Magdalena Alves, Thiago Parddal eta Igor Ramos ikasleekin (argazkia EuskoBrasildarEtxea)

PUBLIZITATEA

HABEko teknikari Kinku Zinkunegi Hegoameriketan da egunotan, zenbait herrialde latinamerikarretan ematen diren euskara eskolei jarraipena egiteko. HABEk, Euskara Munduan programaren bidez, hitzarmenak ditu Brasil, Txile, Uruguai eta Argentinako euskal etxeekin eta elkarte horietako irakasle eta zuzendariekin biltzen ari da egunotan Zinkunegi. Bidaiaren helburu nagusia, hala ere, Buenos Airesen egingo diren euskara egiaztatze-frogak kudeatzea da. Aurten lehen aldiz egin ahalko dira froga hauek Argentinan eta, arduradunen esanetan, euskara irakaskuntza programan aurrerapauso handia da hori. Iragan larunbatean, Sao Paulon, Eusko Brasildar Etxeko arduradunekin bildu zen HABEko teknikaria eta atzo Txileko Santiagoko Euzko Etxean izan zen. Gaur Txileko beste bi elkartekin bilduko da eta bihar eta etzi Uruguaien izango da. Ostiralean Argentinara helduko da, asteburuan Buenos Airesen egingo diren frogak koordinatzeko.

Sao Paulo, Brasil. Jose Francisco 'Kinku' Zinkunegi, HABEren Euskara Munduan programaren koordinatzailea, Brasilen izan da eta Eusko Brasildar Etxea bisitatu zuen iragan larunbatean Sao Paulon, elkarteko presidente Oskar Goitiak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Presidente izateaz gain, elkarteko euskara irakaslea ere bada Goitia, Karol Salazarrekin batera. Bi irakasleak Euskara Munduan programaren barruan trebatu dira, 2008-2012 lau-urtekoan.

Zinkunegi Goitia eta Salazarrekin bildu zen, elkartearen euskara eskolei buruzko bilera egiteko. Irakasleek euskal etxeak eskola hauek emateko prestatu dituen instalazio berriak erakutsi zizkioten. Aipagarria da euskal etxean ematen diren eskolez gain, elkarteak beste ikastaro batzuk ere ematen dituela Tremembé-ko Kultur Etxean eta Casa de España erakundean.

Goitiak azaldu duenez, Zinkunegi pozik agertu zen euskal etxea euskara irakaskuntza arloan egiten ari den lanarekin eta, are gehiago, azken urtean elkarteak jauzi kualitatibo handia egin duela esan zuen. Ondoren, 2012-2013 ikasturterako plangintza adostu zuten. Bileraren ostean, Eusko Brasildar Etxeak plaka oroigarri bat eman zion Zinkunegiri, Brasilen euskararen zabalkuntzan eskaini dien laguntzarengatik. 

Brasildik Txilera abiatu da HABEko teknikari zen teknikaria eta atzo Jaurlaritzaren ordezkariarekin eta Santiagoko Euzko Etxea elkarteko zuzendaritza eta euskara irakasleekin bildu zen. Gaur Valparaisoko Euzko Etxea eta Colectividad Vasca de Chile elkarteekin bilera egingo du.

Bihar eta etzi Uruguaien izango da Zinkunegi eta FIVUrekin, Euskal Erria, Saltoko Euskal Etxea eta Centro Euskaro elkarteeekin bilduko da. Ostiralean Argentinara helduko da HABEko teknikaria eta FEVA federazioarekion eta Euskal Echea elkartearekin egingo du topaketa. Azkenik, asteburuan euskara egiaztatze-frogak egingo dira Buenos Airesen; ahozko froga eta froga idatzia, hurrenez hurren.

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia