euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Munduan: Chacabucoko Euskal Etxeak hartu du bere gain urtarrilean 2018 Udako Barnetegia antolatzeko ardura

2017/11/28

Euskara Munduan Programaren 2017ko neguko barnetegiko ikasle eta irakasleak Bahia Blancako Union Vascako lagunekin
Euskara Munduan Programaren 2017ko neguko barnetegiko ikasle eta irakasleak Bahia Blancako Union Vascako lagunekin

PUBLIZITATEA

Euskara irakasleak trebatzeko ikastaro trinkoa 2018ko urtarrilaren 13tik 20ra (Hego Amerikako udan) izango da FEVA eta Chacabuco hiriko Guillermo Larregui Euskal Etxea antolatzaile. Argentina, Txile eta Uruguaiko ikasle-irakasleek hartuko dute parte kurtsoan, begirada ipinita, besteak beste, 2019an Argentinan egingo diren HABEko azterketa probak prestatzen jarraitzean.

Chacabuco, Argentina. Egun gutxi batzuk baizik ez dira falta Euskararen Nazioarteko Egunerako –abenduaren 3an, San Frantzisko Xabierren egunean– eta euskararekin lotuta dagoen albiste berria jakinarazi digute Guillermo Larregui euskal etxe chacabucotarretik: HABEk sustatzen duen Euskara Munduan proiektuko 2018ko Udako Barnetegia Chacabucoko Euskal Etxean izango da, hain zuzen, azkenekoz duela hamabost urte egin zen bezala.

Ikastaroa urtarrilaren 13tik 20ra luzatuko da Internet bidez trebatzen ari diren Argentina, Txile eta Uruguaiko zenbait euskal etxetako irakasleak partaide.

Ikastaroaren antolakuntza ohikoa izango da; eskolak goizez –9etatik 11:00etara eta 11:30etatik 13:etara– eta arratsaldez –18:00etatik 19:00etara (bakarkako lana) eta 19:30etatik, 21:00etara–. Metodologiari dagokionez, ahozko gaitasuna lantzeak izango du lehentasuna, online saioetan ikasitako hizkuntza gaiak abiapuntu hartuta, eta 2019an Argentinan egingo diren euskara-maila ziurtatzeko HABEren azterketei begira.

Ostatua, Avenida Hotelean izango da, Euskal Etxetik bi kalera, eta otorduak Euskal Etxean bertan.

Euskararen Eguna

Euskararekin lotura duen bigarren berri bat Chacabucotik. Guillermo Larregui Euskal Etxeak Euskararen Nazioarteko Eguna eta Urte Amaierako Jaia abenduaren 2an ospatuko ditu, Euskararen Egunaren bezperan, Euskal taberna batekin.

Hitzordua 21:30etan ezarri da. Kantinan hainbat plater eskainiko dira –bestak beste tripakiak, pintxoak, eta mota askotako postreak– eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik erreserbak egitea. Zuzeneko musika egongo da Mara Romero abeslariarekin eta dantzariek zenbait koreografia plazaratuko dituzte. Nahi izanez gero karaokean eta zahato lehiaketan parte hartu ahal izango dute bildutakoek.

Urteko azken topaketa dei irekia da eta bertara EEko kideak ez ezik, Euskal Etxeak Euskal Herrira antolatutako bidaietan parte hartutako lagunak ere daude gonbidatuta.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia