Buenos Aires, Argentina. Munduko euskal gizataldeen baitan euskara irakasleak trebatzeaz gain, irakasle hauek hizkuntza mailari eusteaz ere arduratzen da Etxepare Euskal Institutua. Eta aukera eskaintzen die euskararen bateria Euskal Herriko testuinguru euskaldunean kargatzeko. Egun gutxi barru, FEVA lankide, 2019ko uztailean Buenos Airesen euskara maila egiaztatzeko azterketak egin zituen taldea Euskal Herrira abiatuko da Lazkaoko Maizpide Barnetegian ikastaro trinkoa egitera. Urtarrilaren 9an abiatuko dira euren herrietatik, 10ean heldu eta 11an, astelehena, hasiko dute barnetegia. 13 Argentinakoak dira, 3 Uruguaikoak eta bakarra Txilekoa.
“Urrutiko prestakuntza bukatuta, azken ‘txanpa’ Euskal Herrian egingo dute; ikastaro trinkoak Maizpide euskaltegian egingo dituzte, pandemiagatiko osasun neurri guztiak errespetatuta, noski”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i 'Euskara Munduan' programako koordinatzaile Kinku Zinkunegik. "Kontuan izan behar dugu ikasle hauetako askok duten euskara maila euskararen herrialdetik 10.000 kilometrotara lortu dutela. Horregatik helburua da prozesua bukatzea euskararen eremuan murgilduz”.
Bizi dugun pandemia egoera honetan bidaia antolatzea ez dela gauza xinplea izaten ari aipatu digu Zinkunegik. Hala ere, gaurko egunez segurtatuta dagoen programaren arabera, partaideak urtarrilaren 10ean iritsiko dira Bilbora.
Zorte on, taldea!